Azken aste eta egunetako zurrumurruen ostean, sanjuandarragaz urtebeterako akordioa lortu dutela jakitera eman du gaur Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteak.
Argazkia: Oarsoaldeko Hitza.
Orain arteko emaitza onei eutsi, eta taldea faboritoen artean mantentzeko ardura izateaz gain, harrobiaren lana “indartzeko” zeregina izango du Fernandezek.
Hain zuzen ere, harrobia bultzatzeko lana zer den ondo daki gipuzkoarrak. Herrian hasi zuen arraun ibilbidea, eta San Juango arraunlari eta entrenatzailea izan da.
Halaber, Galiziako zein Kantabriako arraun taldeetan ere badu esperientzia. Arraunlari moduan Mecosen (Galiza) aritu zen, eta Pedreña eta Castro talde kantabriarretan arraunlari eta entrenatzaile izan zen.
2012an itzuli zen herriko taldera, eta ordutik taldea zuzentzen lan bikaina burutu du. San Juanek laugarren amaitu du aurtengo denboraldia, eta XXXIII Petronor Bandera irabazi zuen Zierbenan uztailaren 3an ( beste bandera guztiak Urdaibaik eta Hondarribiak irabazi dituzte).