Jeltzaleek izan dituzte boto gehien
Busturialdean EAJ izan da alderdirik bozkatuena, eta EH Bildu Lea-Artibai eta Mutrikun. Errolda 2012koa baino handiagoa izanda ere, boto kopuruan behera egin dute alderdiekEusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk izan ditu boto gehien Lea-Artibai, ...
Busturialdean EAJ izan da alderdirik bozkatuena, eta EH Bildu Lea-Artibai eta Mutrikun. Errolda 2012koa baino handiagoa izanda ere, boto kopuruan behera egin dute alderdiek
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk izan ditu boto gehien Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko botoak zenbatuta. 33 herrietan, guztira, 19.906 boto izan dituzte jeltzaleek. EH Bildu izan da bigarren indarrik bozkatuena, 15.329 botogaz. Hala ere, indar hori alderdirik bozkatuena izan da Lea-Artibai eta Mutrikun. Elkarrekin Podemos lehenengoz aurkeztu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta, guztira, 3.225 boto izan ditu Pili Zabala buru izan duen hautagaitzak.Atzerriko botoak zenbatzeko zain, une honetan Bizkai, Gipuzkoa eta Araban zenbatutako datuak kontuan hartuta, EAJk 29 eserleku izango lituzke Legebiltzarrean. 397.000 boto izan ditu guztira, orain lau urte baino 12.000 gehiago. 17 legebiltzarkide izango lituzke EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek 11, eta PSE-EEk eta PPk 9na legebiltzarkide. Bizkaiko lurralde historikoan, 12 legebiltzarkide lortu dituzte jeltzaleek, EH Bilduk 4, Elkarrekin Podemosek 4, PSE-EEk 3 eta PPk 2. Abstentzioa Bizkaian %37koa izan da; hiru lurraldeetan zenbatutako abstentzioa baino puntu bat gutxiago (%38).
Busturialdean, Eusko Alderdi Jeltzaleak izan ditu boto gehien, Busturialdeko 20 herrietako datuak batuta. Hain zuzen, 12.724 boto izan dituzte jeltzaleek eskualdean. Bigarren indarra izan da EH Bildu, 8.034 botorekin. Espero bezala, Elkarrekin Podemos izan da hirugarren indarra Busturialdean. Boto kopurua kontuan hartuta, EAJrengandik eta EH Bildurengandik urrun gelditu da Pili Zabala buru izan duen hautagaitza. Hala ere, guztira, 2.046 boto izan dituzte. Gogoratu behar da Elkarrekin Podemos lehenengoz aurkeztu dela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Koalizioaren baitan aurkeztu dira orain Ezker Anitza, Ezker Batua eta Equo. Hiru horiek, guztira, 610 boto izan zituzten 2012an Busturialdean. Gernikan eta Bermeon erakutsi du Elkarrekin Podemosek indarrik handiena. 775 boto izan ditu Gernikan, eta 773 Bermeon.
Lea-Artibai eta Mutrikun, ostera, EH Bildu izan da indarrik bozkatuena. Guztira, 7.295 boto lortu dituzte, Eusko Alderdi Jeltzaleak baino 113 boto gehiago. Jeltzaleak, euren aldetik, 7.182 boto eskuratu dituzte. Elkarrekin Podemos koalizioak, bestalde, EH Bildu eta EAJk baino nabarmen boto gutxiago izan ditu; Lea-Artibai eta Mutrikuko hirugarren indarrak 1.142 bozka izan ditu. Botorik gehien biztanleria gehien duten herriguneetan lortu du Pili Zabala buru izan duen hautagaitzak. Markina-Xemeinen 168 boto, Mutrikun 229, Lekeition 246 eta Ondarroan 366.
Abstentzioak gora
Errolda 2012koa baino handiagoa izanda ere, boto kopuruan behera egin dute alderdi politikoek Busturialdean. 41.264 herritar zeuden herenegun botoa ematera deituta, eta 36.862 ziren 2012an Busturialdean botoa emateko eskubidea zutenak. Botoetan behera egin arren, EAJ izan da alde gutxien izan duena, eta PSE-EEk bere botoak erdira murriztu ditu eskualde horretan. EH Bilduk 2.000 boto inguru galdu ditu, eta PPk ere behera egin du zertxobait. Hala ere, aipatu behar da abstentzioa altua izan dela oraingoan ere. Busturialdean boto eskubidea zuten 41.264 herritar horietatik 11.263k ez zuten botorik eman domekan.
Lea-Artibai eta Mutrikun ere handiagoa izan da aurtengo errolda. 25.864 herritar zeuden herenegun botoa ematera deituta, eta 24.874 duela lau urte. Botoei dagokienez, Lea-Artibai eta Mutrikun ere EAJ izan da alde gutxien izan duena, eta PSE-EEk ia erdira murriztu du bere boto kopurua. EH Bilduk ia 1.800 boto galdu ditu, eta PPk ere nabarmen egin du behera, ia 100 boto gutxiagorekin.
Abstentzioak ere zer edo zer gora egin du Lea-Artibai eta Mutrikun. Zehatz esanda, %29,40ko abstentzioa egon da, 2012an baino %1,37 altuagoa.
Hautagai nagusiak, pozik
Josu Erkoreka EAJren Bizkaiko zerrendaburua «pozik» agertu da domekan lortutako emaitzekin, eta boto emaileei eskerrak emateko egoeran daudela esan du: «Benetan gure proposamena ulertu eta babestu egin dutelako». Era berean, emaitzak «umiltasunez» hartu behar dituztela azaldu du, eta aurrerantzean «ezinbestean erantzukizunez kudeatu» beharko dutela dio bermeotarrak.
Erkorekak azaldu legez, «ez ditugu emaitzak dominatzat hartzen, baizik eta gure proiektuaren aldeko babes modura».
Atzo arratsaldean batu zen Euzkadi Buru Batzarra (EBB), emaitzak lehendakariagaz ondo eta sakon aztertzeko. «Aurrerantzean, gainontzeko talde parlamentario guztiekin batuko gara, inor bazterrean utzi barik. Izan ere, Madrilen batzuen eta besteen artean dagoen borroka eta ezinikusia errepikatzerik ez dugu nahi. Hemen ez diogu inori betorik jarriko, alderdi guztiekin egingo ditugu elkarrizketak. Hortik aurrera ikusiko dugu zein izango den formularik egokiena gobernuari forma emateko eta gobernuaren egonkortasuna bermatu ahal izateko», esan du Erkorekak.
Bigarrenez
Unai Urruzuno EH Bilduren Gipuzkoako hautetsia bere aldetik, bigarrenez izango da legebiltzarkidea, eta aurreko hauteskundeetan koalizio abertzaleak izan dituen emaitzak kontuan edukita, domekako emaitzak «oso positiboak» direla nabarmendu du. «Azken hilabeteotan gure alderdiak goitik beherako astinaldi bat jasan du, eta zentzu horretan emaitza horiek oso onak direla iruditzen zaigu. Ezkerrekoa eta sozialista den espazio politiko bat dago hemen, eta herrialde honetan espazio hori EH Bilduk ordezkatzen duela bakarrik ikusi dugu».
Bestalde, ezkerrekoa eta sozialista den espazio politiko hori Elkarrekin Podemos moduko alderdiak kentzen saiatu direla ere adierazi du Urruzunok. «Hor beste indar berri bat sartu da, eta ez genekien zelako indarragaz sartuko zen. Podemos moduko alderdi batzuek espazio politiko hori mapatik kentzeko saiakera egin dute, baina ez dute lortu. Guretzako benetako erronka bat izan da eskaintza ezkertiar eta burujabe bat herri honetan dagokion lekuan kokatzea».
Unionismoa ordezkatzen duten alderdiak ere minimo historikoetan daudenaren iritzia du Urruzunok. «Inongo meritorik kendu barik EAJk oso emaitza onak lortu ditu, baina, azken batean, PP eta PSE-EE jaitsi diren heinean hazi da alderdi jeltzalea ere; hori agerikoa da. PSE-EEk azken legealdian EAJri argi berdea eman dio bere politika guztiak ezartzeko, eta azken batean, hori ikusita, jende batek EAJri botoa zuzenean ematea erabaki du».
Ondarrutarrak, aldiz, gobernua osatzerako orduan bi aukera balizko egon daitezkeela dio. «Alde batetik, herri honek dituen erronkei eta apustuei aurre egiteko ikuspuntu batetik eratu daiteke gobernua, eta bestetik, gaur egun gauden moduan gera gintezke, kudeaketa hutsari begira».
Aukera bi horien artean gobernua osatzeko bi era posible dauden iritzia ere badauka. «Alde batetik, EAJk gehiengo oso eta askoz zabalagoa edukiko luke EH Bildurekin batuz gero. Bestetik, ostera, gauden moduan geratu gintezke, PSE-EErekin edo PPrekin gobernua osatuz. Hor argi dago; herri honek PSE-EE edo PP moduko alderdiekin ez du aurrera egiten, eta hori da aurrerantzean EAJk erabaki beharko duena».