Hiribilduaren sorrera oroitzen
Hiribildua sortu zeneko 689. urteurrena ospatu dute Ondarroan, Erdi Aroko jaiagaz; garai hartako pertsonaiek, ikuskizunek eta musikak eman diote kolorea ospakizunariDenboran atzera eginda, bufoiek, zaldunek, eskaleek, fraideek, mojek, eta beste garai b...
Hiribildua sortu zeneko 689. urteurrena ospatu dute Ondarroan, Erdi Aroko jaiagaz; garai hartako pertsonaiek, ikuskizunek eta musikak eman diote kolorea ospakizunari
Denboran atzera eginda, bufoiek, zaldunek, eskaleek, fraideek, mojek, eta beste garai bateko artisau, tabernari eta merkatariek hartu zituzten Ondarroako kaleak, zapatuan. Orain dela 689 urte, 1327ko irailaren 27an, Maria Diaz de Haro Bizkaiko andereak Ondarroaren hiribilduaren sorrerako hiri-gutuna sinatu zuen, eta egun garrantzitsu hori ospatzeko, Erdi Arora itzuli da Ondarroa.Egun guztian, goizetik gauera, jaia eta algara izan ziren nagusi erdi aroko zutoihal, armarri eta ikurrekin apaindutako alde zaharreko kale eta inguruetan. Azoka, kopauren bat hartzeko taberna eta txokoak eta ondo pasatzeko beste ekitaldi egon ziren: ikuskizunak, musika, tailerrak eta jolas ugari.
Jaia hastear zegoela kantu gregorianoekin esnatu ziren Iparkale, Goikokale eta Kaleandiko ondarrutarrak. Erdi Aroko jaiari hasiera ofiziala, baina, pregoiak eman zion. Patxi Etxaburu Ajarrista Ondarroako Historia Zaleen elkarteko kideak jakin arazi zizkien herritarrei alkate jaunaren eta Erdi Aroko jai batzordearen aldarriak, kontzeju zaharreko balkoira aterata. Ondarrutarren izate eta historia ospatzeko egun paregabea zela azpimarratu zuen pregoilariak, besteak beste, eta aukerarik ez galtzera animatu zituen herritarrak.
Ikuskizunak nonahi
Eskale bi, euren arropa zaharrekin tatarrez, hondartza non zegoen galdezka, tximino zuria eta bere zaindaria kontu kontari, Artakako prakagorri taldea akrobazia txundigarriak eginez, hegazti harrapariak… Erdi Aroko jaian murgildu zirenek eduki zuten zer ikusi. Euskal mitologiako pertsonaiak ere Amalur, Basajaun, Kattalin, sorginak, aztiak eta Mari kalejiran ibili ziren herrian zehar, eta mezu bat ekarri zuten Ondarroara: «Zaindu ezazue elkar, lurra ez da zuena, zuek zarete lurrarenak. Ospatu elkartasuna Erdi Aroko azoka honetan».
Eta musika ere ezin falta! Kantaize abesbatzak, txistulariek, txalapartariek eta erromeriek ere jarri zioten doinua egunari.