Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aginduz Iparraldeko hegaluzea harrapatzeko debekua ezarriko da, behin-behinean. Neurria bihar [irailak 28] sartuko da indarrean, eta ministerioak jakitera eman duenez, neurria “badaezpadakoa” izango da. “Ozeano Atlantikoko uretan egin diren hegaluze harrapaketen inguruan ditugun datuak kontuan hartuta, kostera behin-behinean ixtea erabaki dugu”.
Neurri horren arabera, gauerditik aurrera Espainiako bandera duten arrantzontziek 5º N paralelotik iparraldera ezingo dute hegaluzerik arrantzatu. “Kostera itxi aurreko egunetan harrapatutako eta deklaratutako aleak lehorreratu ahal izango dira bakarrik, besterik ez”.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako iturriek adierazi dutenez, harrapaketen zenbatzea egiteko ipiniko da abian debekua. “Datu guztiak eskuan izaten dituztenean, kostera berriro ireki edo ez erabakiko dutela uste dugu”.