Goñik eta Monasteriok irabazi dute Urdaibai Kopa
Arrolapeko Joanes Goitisolok eta Leire Monasteriok irabazi dute Urdaibai Koparen azken proba, Foruan. Guztira, 366 parte hartzaile batu dira hiru probetanImanol Goñi eta Leire Monasterio nagusitu dira aurtengo Urdaibai Kopan. Hain zuzen ere, herenegun...
Arrolapeko Joanes Goitisolok eta Leire Monasteriok irabazi dute Urdaibai Koparen azken proba, Foruan. Guztira, 366 parte hartzaile batu dira hiru probetan
Imanol Goñi eta Leire Monasterio nagusitu dira aurtengo Urdaibai Kopan. Hain zuzen ere, herenegun lehiatu zuten txapelketaren azken lasterketa puntuagarria. Joanes Goitisolok eta Leire Monasteriok irabazi zuten domekako VIII. Forutik-Forura lasterketa.Lehia estua egon da aurten arrolapetarren artean. Goñik 199 puntu bildu ditu, eta puntu bakarrera sailkatu da Goitisolo. 190 puntugaz, Arkaitz Muñoz sailkatu da hirugarren. Hirurek Urdaibai Koparen bost lasterketetatik lau lehiatu dituzte.
Nesken sailkapen nagusiari dagokionez, 192 puntu batu ditu Monasteriok. Irantzu Onaindiak eta Agurtzane Argiarrok puntu kopuru bera bildu dituzte: 190 puntu. Hirurek Urdaibai Koparen bost probak burutu dituzte.
Goitisolok ordu bete, 45 minutu eta 20 segundotan amaitu zuen domekan 21, 6 kilometroko lasterketa.
Imanol Goñi heldu zen bigarren, Goitisolorengandik 3minutu eta 56 segundora. Eneko Zabala sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik bost minutu eta hiru segundora.
Bestalde, 2 ordu, 16 minutu eta 13 segundoko marka lortu zuen Monasteriok.
Onaindia sailkatu zen Monasterioren atzetik, 3 minutu eta 29 segundora. Argiarrok, berriz, 2 ordu, 32 minutu eta 3 segundotan amaitu zuen lehia.
Guztira, 51 korrikalarik lehiatu dute Urdaibai Koparen azken lasterketa.
Eguraldia lagun, guztira 366 parte hartzaile batu ziren VIII. Forutik Forura mendi martxa eta lasterketan.
Zero Zabor kanpaina
Martxa laburra egin duten lehen urtea izan da, eta Haitz Biribil elkarteko kideak oso pozik daude eduki duen harreragaz eta parte hartzeagaz.
168 pertsonak burutu dute mendi martxa laburra. «Datorren urtera begira apostu berdina egingo dugu».
Aurtengo beste berritasuna Foruan duten Zero Zabor kanpainagaz bat egitea izan da. Anoa postuetan bildutako zaborra sailkatu dute: konposta, latak, plastikoak eta errefuxa.
«Plastiko hondakin gutxiago sortzeko ur botilak kendu, eta Foruko iturburuko ura jarri dugu bidoi handietan. Halaber, berrerabiltzen diren edalontziak erabili ditugu ura emateko. Harrera ona eduki du», azaldu dute. Batez ere anoa postuetan jendeak oso ondo erantzun duela nabarmendu dute probaren antolatzaileek.