Giro ona eta herritarren «parte hartze handia» egon da aurtengo andramarietan
Barikuan egin zuten Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako balorazioa, eta, azaldu dutenez, eguraldi txarrak, eraso sexistak eta ekintza bandalikoek ez dute jaietako giro ona lausotuEguraldi txarrak, ekintza bandalikoek eta salatu dituzten eraso sexiste...
Barikuan egin zuten Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako balorazioa, eta, azaldu dutenez, eguraldi txarrak, eraso sexistak eta ekintza bandalikoek ez dute jaietako giro ona lausotu
Eguraldi txarrak, ekintza bandalikoek eta salatu dituzten eraso sexistek ez dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako giro ona lausotu. Horrela adierazi zuten Aingeru Astui kultura zinegotziak eta eta Benito Ibarrolaza alkateorde eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak barikuan egin zuten prentsau- rrekoan. Hala, jaiak «giro onean» eta herritarren «parte hartze garrantzitsuagaz» ospatu direla nabarmendu zuten biek.Aurten jaiak herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko «ahaleginak egin direla» adierazi zuen Astuik, baina oraindik esfortzu hori egiten jarraitu behar dela gaineratu zuen. Egon diren emanaldien artean, Mariachi Imperial taldeak eduki zuen harrera ona aipatu zuen zinegotziak. Umeentzako ekintzek ere oso parte hartze handia izan zutela adierazi zuen.
Bestalde, irailaren 3ko Erraldoikadaren eta Bermio dalako geure mundue ikuskizunaren arrakasta ere aipatu zuen: «Gutxitan ikusten den jendetza batu zen».
Kazola gutxiago
Eguraldi txarrak, batez ere, Santa Eufemia eguna baldintzatu zuen, eta aurreikusita zeuden bi ekintza bertan behera gelditu ziren. Hala ere, baserri giroko azokan parte hartzea, «izugarria» izan zen.
Bestalde, Urdaibai arraun taldeak Kontxako bandera eta Liga irabazi ondoren, irailaren 11n eta 18an egindako harrerek poz handia eragin zuten, «eta horrek ere jai giroa sortu zuen herrian», esan zuen Astuik. Kontxako banderagatik autobusetan Donostiara joan ziren 500 pertsona ingururen eraginez, sukalki egunean, berriz, Talan jende gutxiago egotea ekarri zuela azaldu zuten barikuan. Hala ere, 104 kazola aurkeztu ziren. Arrantzale eguna gogora ekarrita, urtero legez, talko hautsekin arazoak izan dituztela adierazi zuen Ibarrolazak.
Eraso sexistak ere aipatu zituzten: «Ez jaietan ez urtean zehar ez dute tokirik gure herrian». Gainontzeko gertakariei dagokienez, «urtero ekintza bandalikoak gertatzen direla» gogoratu zuen alkateordeak: «Aurten, komun kimikoak iraulita agertu dira, eta bat uretara bota dute, hesi batzuekin batera. Irailaren 10ean ezezagun batek Lamerako paperontzi biri su eman zien, eta Zarragoitxiko igogailuan kalte handiak eragin zituen 22 urte gaztea identifikatu eta epaitegira diligentziak bidali dituzte».
Jaiek iraun bitartean, udaltzaingoak, guztira, 424 interbentzio egin behar izan zituela jakinarazi dute: zirkulazioa, istripuak, lapurretak, herritarren kexak, prebentzio lanak…
Datu bat ere eman zuten barikuko agerraldian. Aurten hamahiru salaketa ipini dituzte telefono mugikorrak lapurtzeagatik.
Garbitasun zerbitzuak ere indartu egin zituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Modu horretan, herri guztia garbi mantentzea lortu dutela nabarmendu zuen zerbitzuetako zinegotziak. Izan ere, jaietan ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago ipini zuen udalak, gidari eta laguntzaileekin. Gainera, sei langile gehiago egon ziren jai egunetan garbitasuna bermatzeko. «Bai ostalariekin eta bai herritarrekin hitz egin ondoren, emaitza onak izan direla esan dezakegu», aipatu zuen Ibarrolak.
Zerbitzu zinegotziak emandako datuen arabera, sastar-batze zerbitzuek 172.750 kilo sastar bildu zituzten, iaz baino 2.000 kilo gehiago. Ontzien kasuan. ostera, 8.640 kilo batu zituzten, eta beirari dagokionez, 35.540 kilo batu zituzten, iazko jaietan baino 9.000 kilo gehiago, gutxi gorabehera.