Euskal txapelketako podiumera igo da Solabarrieta
Euskal Herriko Opena-Bizkaia Trofeoa txapelketan emaitza oso onak lortu dituzte Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi laguntzaileak.Bikoteak bi diziplinatan parte hartu du, eta bietan podiumera igotzeko aukera ed...
Bikoteak bi diziplinatan parte hartu du, eta bietan podiumera igotzeko aukera eduki dute. Euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban hirugarren amaitu dute, eta 60 tiro etzandako proban, ostera, lehenengo postuan.
Txapelketari dagokionez, zutikako proban 583,3 puntu lortu zituen (562 hamartarrik barik). Iaz baino emaitza hobea lortu du ondarrutarrak, baina nabarmendu duenez, «oso urduri» ipini zen. «Etxean jokatzen nuelako edo, oso urduri ipini nintzen, eta horrek ez zidan askorik lagundu. Oker asko egin nituen, eta emaitzak, azkenean, espero baino txarragoak izan ziren».
Zirrara gazi-gozoa
Euskal Herriko txapelketan, berriz, estreinako jokatu da etzandako norgehiagoka, eta ondarrutarra nagusi izan da diziplina horretan. Guztira, 623,6 puntu (596 punto hamartarrak kontuan hartu barik) lortu zituen, aurreikusitakoa baino gehiago.
Tiratzaile olinpikoa zirrara gazi-gozoekin bueltatu bada ere, txapelketaren inguruko balorazio ona egin du. «Oro har, oso gustura geratu naiz. Iaz ez modura, zutikako eta etzandako probetan gero eta emaitza hobeak lortzen ari naiz, eta horren inguruko balorazio ona egin dezaket. Txapelketan, gainera, parte hartzea ere zabalagoa izan da. Orain arte dibertsitate funtzional sentsoriala dugunok parte hartu dugu, eta oraingoan dibertsitate funtzional fisikoa dutenak ere parte hartzera etortzea oso positiboa eta pozgarria iruditzen zait».