'Baserriak eta etxebizitzak' ditu ardatz Gautegiz Arteagako argazki lehiaketak
Gautegiz Arteaga 2017 argazki lehiaketa deitu du udalak, eta aurtengo gaia baserriak eta etxebizitzak izango dela zehaztu. Herriko edertasuna bultzatu gura dute, irudien bitartez. “Gure herritarrek euren ikuspuntua ematea nahi dugu, eta, guztion artean, gure herriko edertasuna eta baloreak azpimarratu”, esan du Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.
Herritarrek parte hartzea nahi du udalak, eta lehiaketara aurkezten dituzten argazkiak 2017ko egutegia prestatzeko erabiliko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta argazkiak herrian egindaakoak izan behar dira. Formatuari dagokionez, .jpg; .tif; .psd edo .bmp-an aurkeztu ahal izango dira. Argazkiaren alderik luzeena 30 zentimetrokoa edo gehiagokoa izan behar da, eta erresoluzioa 300 ppp-koa. Halaber, lanak originalak eta inoiz argitaratu gabekoak izan behar dira.
Argazkiak lehiaketara aurkezteko azken eguna azaroaren 25a izango da, 20:00etan. Parte hartzaileek kulturetxea.gautegiz@bizkaia.org emailera edo postaz bidali ahal izango dituzte lanak: Herriko enparantza, 1; 48314, Gautegiz Arteaga.
Sariak
Lehiaketara aurkezten diren argazki denen artean 13 aukeratuko ditu epaimahaiak, gero, Gautegiz Arteagako Udalak herritarren artean banatuko duen 2017ko egutegian ikusi ahal izango direnak.
Sariei dagokienez, lehenengo saria 200 eurokoa izango da, eta egutegiaren azalean agertuko da; bigarren saria 150 eurokoa izango da, eta hirugarrena 100ekoa. Gainera, argazki finalisten artean aukeraketa bat egingo da, gero, Gautegiz Arteagako informazio turistikorako tritikoan agertzeko.