Frantziar kontsulatuaren aurrean protesta egin zuten barikuan Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran preso politikoen lagun, senide eta Elkartasuna sareak. Hain zuzen, beren kexka modu publikoan adieraztea zuten asmo, bi preso horiek Valenceko espetxean bizi duten egoeragatik.
Ekainean dispertsatu zituzten Goieaskoetxea eta Zobaran, Euskal Herritik 952 kilometrora. Frantziako Valence espetxera
eraman zituzten, eta presondegi hori “esperimentala” dela esan dute senideek. “Espetxe horren izaera suntsitzailea salatzeko eta, bide batez, sakabanaketaren areagotzea salatzeko, borroka bat hasi zuten Goieaskoetxeak eta Zobaranek, eta abuztuaren 8az geroztik zigor ziegan daude, bisitarik barik”, azaldu dute lagun eta senideek.
Euskal preso politikoei etengabe ezartzen dizkieten salbuespenezko neurriak salatu eta elkartasuna adierazi gura izan zieten barikuko elkarretaratzearekin. Salbuespenezko espetxe politikak Euskal Herriko dinamika politikotik alboratu behar direla esan zuten, Frantziako kontsulatuaren aurrean: “Garaia da halako zigor neurriekin behin betiko amaitzeko. Frantziar estatuak alboratu egin behar du Madrilek euskal preso politikoei aplikatzen dien mendekuzko espetxe politikari segidismoa egitea”, esan zuten.
Goieaskoetxea eta Zobaranen protestaren berri ematen dituzten gutunak prestatu eta
sinadurak biltzeko kanpaina hasi zuten Busturialdean. Herritarrek sinatutako gutun horiek Frantziako Justizia Ministerioari, Lyoneko Espetxe Zerbitzuen zuzendaritzari eta Valenceko espetxeko zuzendariari eta zuzendariordeari bidaliko dizkiete.
Busturian, bestalde, sortu berri den Busturira euskal preso politikoen aldeko plataformak salaatu du Goieaskoetxeak eta Zobaranek bizi duten egoera
“muturrekoa” dela.
Presoen senide, lagun eta elkartasuna sareak mobilizazioak iragarri dituzte, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei.