41.264 herritar daude deituta gaur Busturialdean botoa ematera; Bizkaian 947.630, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan,
guztira, 1.783.411. Datozen lau urteetan Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak nola banatu hautatu beharko dute gaur hiru herrialde horietako biztanleek.
Bi asteko kanpaina izan dute alderdi politikoek zeinek bere programa aurkeztu, asmoak azaldu eta herritarrei botoa emateko. Busturialdeko
Hitzak ere jarraipena egin dio
kanpainari, eta gaur hauteskunde egunari jarraipena egingo dio,
webgunean. Gauean ere, emaitzak jakin bezain pronto eskegiko ditu web atarian eta sare sozialetatik zabaldu:
Twitter bidez (@BusturiaHitza) eta
Facebook orrialdean (Busturialdeko Hitza).
Hiru lurraldeak kontuan hartuta, denetara,
hamasei formazio politiko aurkeztu dira gaurako hateskundeetara;
Bizkaian, hain zuzen,
hamalau izango dira herritarrek aukeran izango dituztenak.
Inkestak eta asmoak
Azken lau urteetan Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) izan ditu eserleku gehien Legebiltzarrean: 27 guztira. 21 legebiltzarkide izan ditu EH Bildu koalizioak, 16 PSE-EE/PSOEk; 10 PPk eta bakarra UPyDk. Azken asteetan kaleratutako inkesten arabera,
EAJ litzateke oraingoan ere boto eta eserleku gehien lortuko lituzkeenak; 2012an lortutako emaitzen parean. Hain zuzen, 384.766 boto eta 27 eserleku izan zituen duela lau urte, eta,
inkesten arabera, 27-28 legebiltzarkide lortuko lituzke gaurko emaitzekin ere. Hala ere, gehiengo osoa izateko 38 legebiltzarkideetatik urrun geratuko lirateke jeltzaleak.
EH Bilduren kasuan, beherako joera atzeman dute inkestek [CIS-ek abuztuaren 27tik irailaren 2a bitartean egindako azterketa kontuan hartuta; Auzitegi Konstituzionaalak Otegiri buruzko erabakia hartu aurretik]. CISek kaleratutakoaren arabera, bost legebiltzarkide galduko lituzke koalizio abertzaleak,
21 izatetik 16 izateraino.
Elkarrekin Podemos lehenengoz aurkeztuko da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara, eta azterketak diote emaitza onak lotuko lituzkeela; ia-ia
EH Bilduren pareraino. 15-16 legebiltzarkide eman dizkio CISek. Hautagaitza horren emaitzek, EH Bilduri ez ezik, PSE-EE/PSOEri, PPri eta UPyDri ere egingo lioke kalte.
Idoia Mendia buru duen hautagaitzak erdira murriztuta ikus lezake legebiltzarkide kopurua. 16 izan ditu 2012tik 2016ra, eta 8 legebiltzarkide eman dizkio CISen azterketak.
Alderdi Popularrak 8 lortuko lituzke (10 izan ditu orain arte) eta UPyDk Gorka Maneirok bete duen eserlekua galduko luke.
2012an 1.775.351 pertsonak zuten botoa emateko eskubidea, eta 1.135.568 joan ziren hateslekuetara, botoa ematera.
Abstentzioa, beraz, %36,04koa izan zen. 09:00etan irekiko hauteslekuak, eta 20:00etan itxi. 21:00etarako espero dira behin-behineko lehen emaitzak.