Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde eguna normaltasun osoz hasi da. Goizean goizetik herritarren joan-etorria etengabea izan da eskualdeko herrietan.
Hain zuzen ere, inolako arazorik ez dela egon nabarmendu du goizean Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
Bermeoko kasinoan dagoen hauteslekuan bozka ematera deituta dauden 2.841 herritarretik, %6.6ak eman du botoa 10:30erako. Mundakan, berriz, Tribisarrospe Kultur Etxeko mahaian deituta dauden 758 herritarretatik, %12a bertaratu da 10:45erako.
EAJren Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkorekak Bilbon eman du botoa, 10:30ean, Zurbaran ikastetxean.
Sukarrietan, 11:15erako, bozka emateko eskubidea duten 311 herritarretatik %16ak gauzatu du bere eskubidea. Foruan, berriz, hauteslekutara deituta daudenen artean %12,64 bertaratu da 11:30erako.
Ibarrangeluan, aurreko hauteskundeetan baino mugimendu gutxiago igarri dute goizeko lehen orduetan. 558 ibarrangelutar daude botoa ematera deituta, eta 11:30erako 97 bizilagunek (%17,38) emana zuten botoa. Ean, berriz, 715 herritarrek dute boto eskubidea, eta 12:00etarako 155 eatar (%21,67) hurbildu izan dira udaletxera botoa ematera.
Hain zuzen ere, Iratxe Arriola Eako alkateak eta EH Bilduren Bizkaiko zerrendako hautagaiak eguerdian eman du botoa. Legegintzaldi hau “erabakiorra” izango dela esan du, eta parte hartzea “altua” izatea espero du: “Herritarrek zein gobernu mota nahi duten adieraztea garrantzitsua dela uste dugu, batez ere aurrera begira ditugun erronkak kontuan hartuta”.
Iratxe Arriolak 12:00etan eman du botoa Eako udaletxean.
Jendea bere boto eskubideaz baliatzea, eta ondorioz, abstentzioa handia ez izatea espero du Arriolak: “Konfiantza gaur bozka bidez adierazten da. Beraz, espero dugu jendea hautetsontzietara hurbiltzea, eta botoa ematea libreki bakoitzak nahi duenari, baina ematea. Guk emaitza onak espero ditugu ditugu, uste dugulako hori herri honen etorkizunerako aurrerapauso handi bat izango litzatekeela. Jendeari irri egitea gomendatzen diogu, eta euren eskubidea baliatu dezatela”.
Gernika-Lumon parte hartzea handiagoa izan da goiz partean, eta eguerdiko 12:00etan Pasealekuko mahaian bozka eman behar dutenen %24,53k emana zuen botoa. Pasealekuko eskoletan, berriz, parte hartzea %20,76ean zenbatu da, deituta zeuden 1653 hautesleetatik. Foru plazan dauden Kultur Etxeko eta Elai Alai aretoko mahaietan parte hartzea 24,74koa izan da.
Gernika-Lumoko EH Bildik, bere aldetik, eskerrak eman dizkie bere militanteei eta oinarri sozialari, “erakutsi duten eskuzabaltasun eta lan egiteko prestutasunagatik; kanpaina hasieratik gaur arte”. Diotenez, gaur egun ez da ohikoa hauteskunde kanpainetan ehun pertsona baino gehiago mobilizatzea, “baina guk lortu dugu”, azaldu dute. Gaur bertan, 80 pertsona ditu Gernika-Lumoko EH Bilduk: hautesmahaietan txandak egiten batzuk; lanean daudenentzat bazkaria prestatzen beste batzuk, eta, gero, 20:00etatik aurrera egingo duten botoen zenbaketa-jaia atontzen ibili dira beste hainbat. “Guzti honek gure proiekua osatzen dutenen ilusioa eta konpromiso maila erakusten du, eta aurrera jarraitzeko sekulako konfiantza ematen digu”, esan dute.
Kortezubin, botoa eskubidea duten 346 herritarren %27,45ak (95) emana zuen botoa 12:30ak aurretik.
Hain zuzen ere, Segurtasun sailburuak Bizkaia, Araba eta Gizpuzkoako hautesleen %15,4k dagoeneko botoa eman duela adierazi du, eguerdian egin duen agerraldian.
Orain dela lau urteko datuekin alderatuta, eguerdirako Bizkaian parte hartzea %0,6 handiagoa izan da. Hain zuzen ere, boto eman dezaketen bizkaitarren %14,5 hurbildu da hautetsontzietara. Lurraldeka, Gipuzkoan izan da mugimendu gehien. %17,5eko parte hartzea zenbatu dute. Araban behera egin du parte hartzeak, %13,9koa izan da, duela lau urte baino %0,3 txikiagoa.