Laga Classic Surf Txapelketa jai giroan egingo dute, asteburuan
27. Laga Classic Surf Txapelketak olatuez gozatzeko aukera baino askoz gehiago eskainiko du asteburuan.Ogoñope Surf Taldeko kideek esan dutenez, txapelketa berezia izango da aurtengoa. Izan ere, besteren artean, bigarren eskuko merkatua edota kontzert...
Ogoñope Surf Taldeko kideek esan dutenez, txapelketa berezia izango da aurtengoa. Izan ere, besteren artean, bigarren eskuko merkatua edota kontzertuak prestatu dituzte.
Bihar 10:00ak inguruan hasiko dira lehen kanporaketagaz.
Besteren artean, txapelketan kategoria hauek lehiatuko dituzte: 14 urtetik beherakoak, 18 urtetik beherakoak, nesken eta mutilen openak eta kortxozko body board.
Ogoñopeko kideek zehaztu dutenez, aurten lehia kutsua kendu gura izan diote txapelketari.
Era berean, lasaiago egoteko eta surfaz gozatu ahal izateko egun bakarrean egin beharrean, bi egunetan egitea erabaki zuten: «Txapelketa baino surf jaia izatea gura dogu. Orain arte egun bakarrean eginda, txandak ondo neurtu, eta itsasoaren baldintzen arabera presaka ibili izan gara. Horregatik, aurten bi egunetan elkartuta, ondo pasatu eta gozatzeko aukera gehiago izango dugu».
Hain zuzen ere, aurtengo berrikuntzetako bat txalupa puzgarriekin uretaratuko direla izango da. Puzgarriak etxetik eroango dituzte.
Merkatu solidarioa ere jarriko dute zapatuan. Gura dutenek etxetik surfagaz loturiko materiala eta osagarriak eroango dituzte.
Bestalde, parte hartzaile guztientzat paella jana prestatuko dute eguerdian.
Kontzertuak gauean
Surf jaia girotzeko, gauean, Los Talibanes del Surf eta Crianza Clearwine revival eskualdeko musika taldeen emanaldiak egongo dira, Toki Alai tabernan.
Halaber, DJ emanaldia ere egongo da.
Bestalde, domekan, finalak jokatu ostean, partaide guztientzat luntxa prestatuko dute, Atxaspen.