Bakeari izenak eta aurpegiak jartzeko erakusketa
Gernika-Lumoko Bakearen museoan, Bakeraikileak izeneko erakusketa berria dago ikusgai, nazioarteko 32 bakeraikileren berri emanez. Bestalde, Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltariak geldialdia egin du Kultur Etxean, aurtengo deialdian irabazle suertatu diren artisten lanen aukeraketa batekin.
Orokorrean, Bakearen kultura hedatzeko, Giza Eskubideak errespetatzeko eta planeta zaintzeko lana egin duten hamar pertsonen izena ematea, zailagoa da indarkeria eta biolentzia kulturarekin lotutako pertsonak aipatzea baino. Abiapuntu honetatik hasita, Bakearen Museoak erakusketa bat sortzea erabaki du, ezjakintasun honi aurre egin, eta katalogo, mahai joko eta tailer didaktikoen bitartez, nazioarteko 32 bake eredu ezagutzera emateko.
“Bakea eraikitzen duten milioika pertsonen artetik hartutako lagin txikitxo bat baino ez dira, eta bizi izan duten edo daramaten bizimoduan mundu baketsuagoa, bidezkoagoa eta giza eskubideak errespetatzen dituen planeta eraikitzen saiatzen dira”, azaltzen dute museoko arduradunek.
Honekin batera, eraikin beran dagoen Dokumentazio zentroak prestaturiko Eusko Jaurlaritza Gerra Zibilean erakusketa bibliografikoa ere dago ikusgai.
Aukeraketa artistikoa
Bestalde, Ertibil Bizkaia 2016 erakusketa ibiltariak Gernika-Lumoko Kultur Etxean geldialdia egingo du urriaren 6a arte. Aurtengoa, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen 34. edizioa da.
Ekimen honetarako, margogintza, argazkilaritza, eskultura eta ikus-entzunezko hogei lan aukeratu dituzte, aurkeztu ziren 109 proposamenetik. Hauen artean, deialdi horretan irabazle gertatu diren hiru lanak nabarmendu behar dira: Amaia Gracia Azquetarena, Irantzu Yaldebererena eta Helena Goñirena.