Ager Solabarrieta ondarrutarra Euskal Herriko tiro txapelketan ariko da
Bi diziplinatan parte hartuko du, eta orain arteko markak gainditzea izango du helburu. Aurrekontu faltagatik, azaroan lehiatuko den Munduko Txapelketa jokatu barik geratuko daAger Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarreg...
Bi diziplinatan parte hartuko du, eta orain arteko markak gainditzea izango du helburu. Aurrekontu faltagatik, azaroan lehiatuko den Munduko Txapelketa jokatu barik geratuko da
Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak Euskal Herriko Opena-Bizkaia Trofeoa txapelketan parte hartuko dute. Euskadiko Kirol Egokituko Federazioak eta Bizkaiko Kirol Egokituko Federazioak antolatzen duen txapelketa bihar jokatuko da Artxandako (Bilbo) Bizkaia tiro eremuan.Solabarrietak aurreratu duenez, bi diziplinatan parte hartuko du. Alde batetik, euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban, eta, bestetik, 60 tiro etzandakoan.
Zutikako kategorian Euskal Herriko titulua berriro irabazteak ilusio handia egiten diola adierazi du ondarrutarrak. «Nire helburua Espainiako txapelketako sailkapen fasean lortutako emaitza hobetzea da. Entrenamenduetan oso emaitza onak lortzen ari naiz, eta berez Santanderren (Kantabria, Espainia) lortutako 574 puntoak berdindu edo gehiago lortu beharko nituzke».
Euskadiko txapelketan, gainera, parte hartzaileek etzanda ere aritzeko aukera izango dute estreinako. «Jendea gutxika-gutxika diziplina honetan ere tiratzera animatzen ari da. Gutxienez, bost bat lagun batuko garela uste dut». Etzandako proban ere Espainiako probako emaitza hobetu nahi duela dio. «583 puntu lortu nituen azkenengo txapelketan. Ea oraingoan 590 puntutik gora egitea lortzen dudan».
Azaroan, bestalde, Munduko Txapelketa jokatuko da, baina aurrekontu faltagatik ondarrutarrak ezingo du bertan parte hartu. «Handik eta hemendik jasotzen ditugun laguntzei esker hainbat txapelketara joateko aukera dut, baina denerako ez zaigu ailegatzen. Ekipamendu berria erosi behar izan dugu orain gutxi, eta babeslerik ere ez dugunez eta Espainiako Federazioak ere nahikoa ez duenez laguntzen, aukera hori barik geratu beharko dut».