67.128 hautesle daude deituta domekan bozka ematera
41.264 dira Busturialdean Eusko Legebiltzarrerako hautegaien aukeraketa egin dezaketen hautesleak, 21.641 Lea-Artibai eskualdean eta 4.223 MutrikunIrailaren 25etik aurrera Eusko Legebiltzarrean ordezkatuko dituzten 75 legebiltzarkideak hautatuko dituzt...
41.264 dira Busturialdean Eusko Legebiltzarrerako hautegaien aukeraketa egin dezaketen hautesleak, 21.641 Lea-Artibai eskualdean eta 4.223 Mutrikun
Irailaren 25etik aurrera Eusko Legebiltzarrean ordezkatuko dituzten 75 legebiltzarkideak hautatuko dituzte etzi Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek. Guztira, 1.783.411 hautesle daude deituta bozka ematera. Lurralde historikoka hartuta: Araban, 254.761 dira, Bizkaian 947.630 eta Gipuzkoan 581.020.Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeari dagokionez, 67.128 dira oraingoan Eusko Legebiltzarrerako hautagaien aukeraketa egin dezaketen hautesleak: 41.264 Busturialdean, 21.641 Lea-Artibain eta 4.223 Mutrikun. Horietatik batzuk atzerrian bizi dira, Lea-Artibaiko 1.264 hautesle, Mutrikuko 137 eta Busturialdeko 2.115, eta horiek atzerritik posta bidez bozkatzeko aukera eduki dute.
Berton bizi direnentzat hauteslekuak goizeko bederatzietan irekiko dira, eta betiko modura, 20:00ak arte izango dute hauteskunde-mahaira botoa ematera joateko aukera. 4.086 dira Mutrikun bizi diren hautesleak, 39.149 Busturialdean eta 20.377 Lea-Artibai eskualdean.
Postaz
Bertan bizi direnetako batzuek ere, posta bidez bozkatzea erabakiko zuten. Hauteskunde Batzorde Zentralak epea luzatu ondoren, atzoko egunera arte izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoiliarrek posta bidezko botoa hautesmahaietara bidaltzeko aukera. Denetara, 51.673 dira posta bidez botoa emateko onartu dituzten eskaerak.
Posta bidezko boto horiek bozketa ixten denean 20:00etan ireki eta hautetsontzian sartuko dituzte. Ondoren, hautetsontzia irekiko dute boto-kontaketa egiteko, eta hauteskunde-dokumentazioa epaitegian entregatuko dute.
Hauteslekuetara doazenentzat, berriz, 2.593 mahai egongo dira zabalik guztira, 720 hauteslekutan banatuta. Lurraldez lurralde, Araban 413 mahai egongo dira, 101 hauteslekutan banatuta; Bizkaian 1.343 mahai, 338 hauteslekutan; eta Gipuzkoan 837 mahai, 281 hauteslekutan.
23.000 pertsona baino gehiago izango dira etzi hauteskunde-mahaiak osatuko dituztenak. Zozketa bidez izendatutako lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza.
Etzirako aurreikusitako hauteslekuek eta hautesmahaiek zertxobait behera egin dute 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izan zirenen aldean; izan ere, eragingarritasun eta aurrezpen arrazoiak tarteko, horietako batzuek bat egin dute, kopurua murriztuz.
Hamasei aukera
Gaur gauerdian amaituko da irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako hauteskunde-kanpaina. Denetara, hamasei formazio politiko aurkeztu dira. Horietatik bederatzi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hautagaitzak aurkeztu dituztenak: Euzko Alderdi Jeltzalea; Euskal Herria Bildu; Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSOE); Partido Popular; Elkarrekin Podemos; Ciudadanos; Animaliekiko Tratu Txarren Kontrako Alderdi Animalista (ATTAKAA); Recortes Cero-Grupo Verde; eta Ganemos Euskadi: Si Se Puede.
Horiei Bizkaian eta Gipuzkoaurkeztu den Partido Familia y Vida eta Bizkaian eta Araban aurkeztu diren beste bi formazio politiko gehitu behar zaizkie: Ongi Etorri eta Aulki Zuriak. Beste lau formazio politiko, berriz, lurralde historiko batean baino ez dira aurkeztuko: Euskal Komunistak-Partido Comunista de los Pueblos de España eta Partido Humanista, Bizkaian; Libertate Nafarra, Gipuzkoan; eta Vox, Araban.