V. Surf Eguna antolatu du Artzabal Surf Elkarteak, Karraspio hondartzan
6 urtetik gorako ume eta gaztetxoentzako surf ikastaroak eta txapelketak antolatu dituzte etzirako. 10:00etatik aurrera eman ahalko da izena. Parrillada, musika eta txosna egongo diraArtzabal Surf Elkarteak antolatuta, Sur Eguna ospatuko da etzi, Mende...
6 urtetik gorako ume eta gaztetxoentzako surf ikastaroak eta txapelketak antolatu dituzte etzirako. 10:00etatik aurrera eman ahalko da izena. Parrillada, musika eta txosna egongo dira
Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, Sur Eguna ospatuko da etzi, Mendexako Karraspio hondartzan. Bosgarren urtez, kirola eta jaia uztartuz, egun osoko egitaraua prestatu du Lea-Artibaiko surf elkarteak.Surfa ezagutu eta probatzeko aukera izango dute umeek, zapatu goizean, doako ikastaroen bidez. Eskolak 6 urtetik aurrerako ume eta gaztetxoei zuzenduta daudela jakitera eman dute Artzabal Surf Elkartekoek. «Igerian defendatzen direnetik aurrera», zehaztu dute.
10:00etatik aurrera eman ahalko da izena ikastaroetan parte hartzeko, eta 11:00etan hasiko dira eskolak. Arratsaldean, berriz, surf txapelketa lehiatuko dute, 16:00etatik hasita.
12 urtetik beherakoen norgehiagoka izango da lehenengoa, eta 12 urtetik gorakoak hartuko dituzte olatuak ondoren. «Metro eta erdiko olatuak egongo direla iragarrita dago», aurreratu dute Artzabalgoek.
18:00etan banatuko dituzte sariak, eta ikastaroetan parte hartu dutenen artean zozketak ere egingo dituztela aurreratu dute: «Herriko kirol denda batzuek eskainitako opariak izango dira».
Txosna eta musika
Surfagaz gozatzeko aukera izategaz gainera, jai giroa ere aurkituko dute Karraspiora joaten direnek. Txosna eta musika egongo dira egun guztian, eta eguerditik aurrera parrillakoa eskainiko dute.
19:00etatik aurrera, bestalde, Los Miserables taldearen kontzertua egongo da Karraspioko aparkalekuan, jaiari amaiera emateko.