Siriako errefuxiatuen aldeko estropada egingo dute zapatuan
Siriako errefuxiatuak laguntzeko asmoz, estropada solidarioa egingo dute Ean, zapatu honetan. Eguerdian hasita, egun osorako egitaraua antolatu dute.Estropadan parte hartu gura duten herritarrek 616 98 58 44 telefono zenbakian eman behar du izena. 10 e...
Estropadan parte hartu gura duten herritarrek 616 98 58 44 telefono zenbakian eman behar du izena. 10 euro ordaindu behar dira, eta batutako dirua Grezian elkartasun lanetan diharduen Zaporeak taldeari emango diote.
Hain zuzen ere, taldeko kideak Ean egongo dira zapatuan, eatarrek haien proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Halaber, taldeko kamisetak salgai jarriko dituzte.
Talde horrek egunero 1.500 errefuxiatu baino gehiago elikatzen ditu.
Iaz egin zuten estreinako estropada solidarioa, eta antolatzaileen berbetan, «arrakastatsua» izan zen. Giro paregabea sortu zuten, eta siriar errefuxiatuentzako diru bilketaren helburuak «soberan bete» zituzten.
Hain zuzen ere, iaz, gutxi gorabehera, 1.200 euro batu zituzten, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, aurten kopuru hori gainditzea espero dute.
Herritarrak 12:00etan hasiko dira bogan. Batetik, bikoteka kayak lasterketa lehiatuko dute, eta bestetik, paddle surf lasterketa egingo dute.
15:00etan herri bazkarian elkartuko dira, eta, arratsaldean, umeen jolasak egingo dituzte.
Iluntzetik aurrera, berriz, jai giroa izango da nagusi moilan. 20:00etan hasita, mojito solidarioak dastatzeko aukera egongo da 4 euroren truke.
Gauean DJ festa izango dute Atxaundi azpian.