Lointek Gernika Bizkaiak Javi Durango Memoriala jokatuko du
III. Javi Durango Memoriala Bizkaia Elite Torneoa Getxoko Fadura kiroldegian lehiatuko dute bihar eta etzi.
Talde gernikarragaz batera, Emakumezkoen Ligako beste hiru talde hauek jokatuko dute: IDK Gipuzkoa, Lacturale Araski eta Quesos El Pastor.
Lehenengo partida IDK Gipuzkoaren eta Lacturale Araskiren artekoa izango da. 18:00etan hasita jokatuko dute. Gero, Lointek Gernika Bizkaiak Quesos El Pastor taldearen kontra lehiatuko du kanporaketa, 20:00etatik aurrera.
Zapatuan, 19:30ean hasiko da finala. Aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute, 17:30etatik aurrera.
Azken bi urteetan, Spar Gironak eta Perfumerias Avenidak irabazi dute txapelketa. Horiek aurten ez dutenez parte hartuko, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoa dira irabazteko faboritoak.
Gernikarrek talde sendoa osatu dute, eta ligako bosteko onenetakoa dute. Talde gipuzkoarra, fitxaketa berri askogaz, hazkunde fasean dago.
Halaber, Quesos El Pastor talde zamorarrak ere aldaketa asko egin ditu, eta erakutsiko duen maila ikuskizun dago. Bestalde, Araski Emakumezkoen Ligara igo berri da, eta denboraldi honetan mailari eustea izango du helburu.
Denboraldi-aurreko azken txapelketa
Emakumezkoen Ligan 2016-2017 denboraldia hasi aurretik jokatuko duten azken txapelketa da honakoa. Hain zuzen ere, datorren astean jokatuko dituzte lehen bi jardunaldiak.
Lehen jardunaldia etxetik kanpo lehiatuko du talde gernikarra. Eguaztenean (hilak 28) C.B Al-Qazeres-Extremaduraren kontra jokatuko du, Caceresen (Extremadura, Espainia).
Bigarren jardunaldian, urriko lehen asteburuan, etxeko zaleen aurrean euskal derbia jokatuko dute, Lacturale Araski talde gasteiztarraren kontra.