XXVII. Laga Classic Surf Txapelketak olatuez gozatzeko aukera baino askoz gehiago eskainiko du aurten ere.
Ogoñope Surf Taldeko kideek esan dutenez, txapelketa berezia izango da. Izan ere, besteren artean bigarren eskuko merkatua edota kontzertuak prestatu dituzte.
Zapatuan 10:00ak inguruan hasiko dira lehen kanporaketagaz. Besteren artean, txapelketan kategoria hauek lehiatuko dituzte: 14 urtetik beherakoak, 18 urtetik beherakoak, nesken eta mutilen openak eta kortxozko body board.
Jai giroa
Ogoñopeko kideek zehaztu dutenez, aurten lehia kutsua kendu gura izan dute, eta era berean, lasaiago egoteko eta surfaz gozatu ahal izateko egun bakarrean egin beharrean, bi egunetan egitea erabaki zuten: “Txapelketa baino surf jaia izatea gura dogu. Orain arte egun bakarrean eginda, txandak ondo neurtu eta itsasoaren baldintzen arabera presaka ibili izan gara. Horregatik, aurten bi egunetan elkartuta, ondo pasatu eta gozatzeko aukera gehiago izango dugu”.
Horregatik, aurtengo berrikuntzetako bat txalupa puzgarriekin uretaratuko direla izango da. Puzgarriak etxetik eroango dituzte.
Merkatu solidarioa ere jarriko dute zapatuan. Gura dutenek etxetik surfagaz loturiko materiala eroango dute.
Bestalde, parte hartzaile guztientzat paellada prestatuko dute eguerdian.
Surf jaia girotzeko, gauean, Los Talibanes del Surf eta Crianza Clearwine revival eskualdeko musika taldeen emanaldiak egongo dira, Toki Alai tabernan. Halaber, Dj emanaldia ere egongo da.
Bestalde, domekan, finalak jokatu ostean, partaide guztientzat luncha prestatuko dute, Atxaspen.