Goieaskoetxearen borrokaren berri eman diote Frantziako kontsulatuari
Valenceko (Frantzia) espetxean dute preso Ibon Goieaskoetxea busturiarra, eta Gorlizeko Aletxu Zobaran presoagaz batera, protestan da espetxeko bizi baldintza gogorrak salatzeko. Haien protestaren berri emateko, sinadura bilketa hasi zuten Busturialdean, eta gutun eta sinadura horiek Frantziako Justizia Ministerioari, Lyoneko Espetxe Zerbitzuen zuzendaritzari eta Valenceko espetxeko zuzendariari eta zuzendariordeari bidaltzea dute helburu.
Hain zuzen, Goieaskoetxea eta Zobaran Euskal Herrira ekar ditzaten eskatzeko gutuna eman diote Frantziako kontsulari. Idoia Aginako Urduñako alkateak eta David Crestelo Plentziakoak gutuna eman diote Bibon Estatu frantsesak duen kontsulari.
Goieaskoetxeak eta Zobaranek Frantziako Estatuak euskal preso politikoei ezartzen dien sakabanaketa salatu nahi dute protesta horregaz, eta jaioterrietatik urruntzeak familiei eragiten dien izugarrizko kostu ekonomikoa, bidaiek eragiten duten desgaste fisikoa eta istripuak izateko arriskua neurrigabekoa dela adierazi.
Mitardean daude bi preso politikoak, komunikazio greba mugagabean, eta euren familiekiko inkomunikazioa ia erabatekoa da; are gehiago, kanpo munduarekiko ia erabat isolatuta daudela salatu dute.
Gutunean azaldu duten legez, orain arte euskal preso politiko bat bera ere ez dute Valenceko espetxera eraman, eta Frantziar Estatuan euskal preso politikoen kopurua nabarmen jaitsi den honetan, Goieaskoetxea eta Zobaran hara eramateak euskal militante politikoen sakabanaketan eta beraien familiengandik urruntzean sakontzea dakar.