Gizarte eta ekonomia ereduetan aldaketak proposatu ditu EH Bilduk
Bermeon, Markina-Xemeinen eta Lekeition egon ziren koalizio abertzaleko hautagaiak, herenegun. Domekako hauteskundeen garrantzia ere azpimarratu du EH Bilduk hiru herrietanBermeoko Lameran batuta, eredu ekonomikoa aldatzearen beharra azpimarratu zuen h...
Bermeon, Markina-Xemeinen eta Lekeition egon ziren koalizio abertzaleko hautagaiak, herenegun. Domekako hauteskundeen garrantzia ere azpimarratu du EH Bilduk hiru herrietan
Bermeoko Lameran batuta, eredu ekonomikoa aldatzearen beharra azpimarratu zuen herriko alkate Idurre Bidegurenek herenegun. Jone Goirizelaia eta Laura Mintegi ondoan, erakundeetan aldaketak behar direla esan zuen: «Erakundeetara aldaketak egiteko etorri gara. Anbiguotasunetik harago, apustu argiak egiten ditugu». Erronka nagusia eredu ekonomikoa aldatzea dela esan zuen.Laura Mintegi, berriz, diru kutxaz aritu zen. Haren esanetan, dirua badago, baina ez dago dagokion eta behar duen lekuan. «Iruzurra saihestuz, ordaintzen ez dutenek edo gutxi ordaintzen dutenek besteen parean ordainduta, zikintzen duten enpresek ingurumen-zerga ordainduta eta Madrili dirua ez aurreratzen betetzen da kutxa». Behin kutxa beteta, gastu sozialera bideratzea beharrezkoa dela esan zuen.
Akordio nagusiak
Goirizelaiaren arabera, EH Bilduk hiru akordio planteatzen ditu: akordio sozialak, autodeterminazio eskubidea eta bakea. Bestalde, euskal preso politikoen inguruko akordioa ere «beharrezkoa» dela aipatu zuen.
Domekako hauteskundeak garrantzitsuak direla aipatu zuten herri batean zein bestean. Markina-Xemeinen Oskar Matutek eta Iratxe Urizarrek esan zuten, asko dela jokoan dagoena, eta beste gizarte eredu bat eraiki behar dela azpimarratu zuten. «Burujabetzan oinarritutako gizarte eredu bat, langileen eskubideak oinarri izango dituena, euskalduna, feminista. Bakedun herria, memoria historiko landua izango duena, eragindako min guztiak aitortu eta erreparatuko dituen gizarte eredu bat. Pertsona, herri eta giza baliabideen arteko oreka bat».
Herri honetan gertatzen diren gehiegikeriak pertsonalak barik politikoak direla esan zuen Iratxe Urizarrek, eta politikoki landu eta konpondu behar direla.
Eta irailaren 25etik aurrera Gasteizko parlamentua ezkertiarra eta subiranista izateko EH Bildu dela giltza esan zuen Oskar Matutek. EH Bilduren diputatuaren esanetan, «estatus berri bat lortu eta Madrilen defendatuko duen parlamentu bat behar da».