Prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, Juntetxearen aurrean. Eskualderako EH Bilduk nahi duen eredua zein den azaldu du Eako alkate eta Eusko Legebiltzarrerako hautagaia den Iratxe Arriolak. Alderdikideak lagunduta, sei aspektu nabarmendu ditu, Busturialdean garatu beharreakoak: osasuna, industria, lehen sektorea, uraren kudeaketa, ur saneamendu sarea eta turismoa.
Busturialdeko hainbat talde eta elkarte biltzen dituen Busturialdean Lan eta Bizi plataformak alderdi politikoei
egindako eskariari erantzun nahi izan dio EH Bilduk. Izan ere, alderdiek eskualdean zein eredu garatuko duten ezagutzeko mahaingurua antolatzea zuen helburu plataformak, alderdi guztiak batuta. Hala ere, EH Bilduk bakarrik erantzun zion deialdiari.
Arriolak gaur esan duenez, proposamen konkretu eta zehatzak dituzte Busturialdearentzat, eta horiek gainontzeko alderdiekin eztabaidatzeko aukera ez izatea “pena bat” dela. Dena den, komunikabideen aurrean eman ditu xehetasunak. Osasun arloari dagokionez, esan du Gernika-Lumoko ospitalea benetako ospitale bihurtzeko pausoak eman behar direla, eta horrek lehentasuna duela EH Bildurentzat. Industria ere aipatu du, azken bi hamarkadetan enpresa asko itxi eta beste hainbat deslokalizatu egin dituztela gogoratuz. “Politika aktiboak” eskatu ditu Arriolak, eta, horiek aktibatzeko, 80 milioi euroko funtsa proposatu du EH Bilduk. Gernika-Lumon lurzoruak egon badauedela esan du; hain zuzen, Gernikako ibarrean 42 hektarea daudela esan du Arriolak, eta horiek birgaitzea lehentasuna dela.
Ekonomia arloan, lehen sektorearen egoera ere aipatu du EH Bilduk. Industrian legez, azken 20 urteetan baserritarrek lantzen duten lurzoru kopuruak behera egin duela esan du. Horietako asko “utzita” daudela aipatu du EH Bilduren hautagaiak, eta, ondorioz, produkzioak ere behera egin duela. “Hori, neurri handi batean, gertatu da instituzioek ez dutelako politika aktiborik bultzatu baserritarrak beraien ogibidetik duintasunez bizitzeko” –esan du Arriolak–. “Guk proposatzen duguna da politika aktibo horiek instituzioek aurrera eramatea; bertoko produktuaren alde eta sasoian sasoikoaren alde eginez”.
Zentzu horretan aipatu du badirela hainbat egitasmo, eta Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean martxan jarri duten proiektu pilotua aipatu du. Baina, harago joanda, EH Bilduk proposatu du hezkuntza zentro guztien esku uztea jantokietan garatu nahi duten kudeaketa sistemaren erabakia.
Ura eta saneamendua
Urari dagokionez, Jaurlaritza dekretu berri bat landu nahian dabilela esan du Arriolak, “tarifa bidez, inbertsio kostuen amortizazioa herritar denei kobratzeko”. EH Bilduren ustez, proposamen hori ez da guztiz zilegia, “azpiegitura guzti horiek diru publikoarekin ordaindu direlako”. Uraren erabilera eta kudeaketa publikoa izan behar dela dio EH Bilduk, eta horren harira esan du, Busturialdeko Ur Partzuergoa dela Bizkaian ura bere arro hidrografikoan kudeatzen duen bakarra. “Europako zuzentarauak dioen moduan, guk uste dugu herriek eskubidea izan behar dutela euren arro hidrografikoa eurek kudeatzeko”, azaldu du Arriolak.
Saneamenduari dagokionez esan du obrak bizkortu beharko liratekeela. “Sukarrietako ponpaketa zentroa egiteko obra adjudikatuta badago ere, uste dugu ez dagoela eragozpenik Gernikatik Busturira doan kolektoraren zatia ere adjudikatu eta obrak hasteko, eskualde honek ere saneamendu egokia izan dezan”.
Turismoa ere izan du berbagai Arriolak, eta proposatzen duten Guggenheima eta turismo masiboa ez dute egoki ikusten. “Ez dugu postaleko herri batean bizi nahi” –esan du–, “ez dugu bizi nahi leku batean non bisitariak heldu, autobusetik jaitsi eta ekonomia lokalean ezer ez duten utziko”.
Natura eta biztanleak errespetatuko dituen eredua exijitu du EH Bilduk, eta sozioekonomiaren oinarria oreka izan beharko litzatekela esan du: ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka, hain zuzen.