Lasterketa berriak atsegin ditu, ez ditu probak errepikatzen; saiakerak eta abenturak ditu gustuko. Oraingoan, hala ere, Alpeetara bueltatu da Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra. 2009an egindako Transalpin Run lasterketa errepikatu du, gonbidapen bat izan zuelako. Bikoteka egin beharreko lasterketa da, eta Imanol Aleson azkoitiarra izan du bidelagun zazpi egunetan. Haglofs taldekoak dira biak.
Imanol Aleson eta Julen Urdaibai
Beste lasterketa batzuk baino «erosoagoa» izan dela dio, «ez dugu eroan behar izan motxila soinean, eta bazkaria eta lo egiteko lekua antolatzaileek jartzen ziguten».
Alpeetakoa «muturreko» lasterketa izan ez bada ere, bere «zailtasunak» izan dituela dio: «Mendian gora eta behera ibili behar izan dugu zazpi egun, eta kontuan izatekoa da garaiera eta horrek sorrarazten duen haize falta». Guztira, 250 kilometro egin dituzte, bataz beste, 35 kilometro eguneko. Proba bakoitzeko bost ordu inguru korrika ibili dira: «Oso fisikoa izan da».
Julen Urdaibai Alpeetan
Esperientzia ona
500 bikotek hasi zuten lasterketa, eta 190 inguruk amaitu zuten: «Datu horrek erakusten du lasterketa gogorra dela». Lasterketa egunak «ondo kudeatu» behar direla dio Urdaibaik: «Ez du balio lehenengo egunetan gogor hasi eta gero ezin amaitu ibiltzea. Niri lasai hastea gustatzen zait, eta gutxika gorantza joatea». Lasterketa 31. postuan amaitu dute: «Lehenengo postuak garaieretan bizi diren korrikalarientzat izan dira. Berdin entrenatzen badugu ere, eurak ohituta daude garaiera horietara».
Bikoteka joateak gauza onak eta txarrak dituela aipatzen du Urdaibaik, baina esperientzia «ona» izan dela nabarmendu du: «Imanol ohituta dago mendian korrika egitera, distantzia luzeko lasterketetan Euskal Herriko hiru korrikalari onenen artean dago. Hala ere, mendiko gaitza izan zuen bi egunetan, buruko min handiak izan zituen».
Otsailean, Ipar Polora
Hurrengo erronka ere badauka buruan, are gehiago, izena eman du dagoeneko. Otsailean, Ipar Polora joango da. Elurra eta izotza izango ditu etsai nagusi lasterketa horretan. Orain arte egin ez bezala, erraketekin egin beharko du korrika.
Urdaibaik gustuko duen formatuko lasterketa izango da Ipar Polokoa: «5 egun, 250 kilometro, eta egun horietarako behar dudan guztia motxilan, soinean. Tenperatura -20 eta -30 gradu artean egongo da».
Antartidako lasterketarako prestatzeko, enpresa bateko izozkailuan sartuta entrenatzen zuen. Orain, baina, ezin duela dio; «korrika egiteko zintan ezin ditut erraketak erabili». Neguan, egun pare batean elurtera korrika egiten joan beharko duela dio bermeotarrak.