Iparra Galdu Baik plataformak dio ez dela samurra izan Zinemaldia etetea
Argitu dutenez, Zinemaldia moduko erakusleihoa erabiltzea beste aukerarik ez zaie geratu, presoaren egoera larria salatzeko. Oihartzun mediatikoa lortu nahi izan duteIbon Iparragirre larriki gaixorik dagoen presoaren senide eta lagunek Donostiako Zinem...
Argitu dutenez, Zinemaldia moduko erakusleihoa erabiltzea beste aukerarik ez zaie geratu, presoaren egoera larria salatzeko. Oihartzun mediatikoa lortu nahi izan dute
Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen presoaren senide eta lagunek Donostiako Zinemaldiko inaugurazio galaren hasiera eten zuten, preso ondarrutarrak bizi duen egoera larria salatu eta berehala etxera ekartzea exijitzeko.Hiru aldiz jarraian eten zuten inaugurazio ekitaldia. Iparragirre etxeratzeko eskatu zuten lehen oihuek, publikoaren artean eserita zegoen batek Ibon SOS leloa zeraman pankarta erakusten zuen bitartean. Pertsona hori aretotik aterarazi zutenean hasi zen bigarren kide bat ere oihuka, eta bigarrena ere kanporatzean, hirugarren batek eten zuen ekitaldia.
Zinemaldiko inaugarazio ekitaldia eten eta biharamunean, protestaren zergatiaren inguruko oharra zabaldu zuen Iparra Galdu Baik Plataformak. Azaldu dutenez, Zinemaldiaren «erakusleihoa erabiltzea beste aukerarik» ez zaie geratu.
Aipamen mediatiko gutxi
Aldarrikapena Zinemaldira eramateko arrazoia, hain zuzen, «isiltasun mediatikoa apurtzea» dela nabarmendu dute haren senide eta lagunek. «Zinemaldiko inaugurazio galaren erakusleihoa erabiltzea beste aukerarik ez zaigu gelditu. Guretzat ere ez da samurra, batzuen txaloen artean beste batzuen irainak eta txistuak entzun behar izatea, jakinda, gainera, ikusleak ez direla Ibonen egoeraren erantzuleak. Ez da dibertigarria. Eta are gutxiago izango da Herritarren Segurtasunerako Legearen izenean ezarritako zigorra ailegatzen zaigunean. Beraz, inork ez dezala pentsatu hau guretzako erraza denik».
Argitu dutenez, hainbat komunikabidek gaiaren aurrean azaldu duten isiltasuna apurtu nahi izan dute. «Giza eskubideak hain ozen aldarrikatzen dituzten hainbat komunikabide ez ziren aurreko astean antolatu genuen prentsaurrekora azaldu. Eta biharamunean, pare bat salbuespen izan ezik, gainontzekoetan aipamen txikienik ere ez. Edozein unetan hiltzeko zorian sartu daitekeen pertsona baten bizitzari buruz ari gara, bere giza eskubideei buruz ari gara, eta kamera bakar bat ere ez zen egon mahaiaren bestaldean».
Duela bi aste, Kontxako estropadetan ere izan zuen presentzia larriki gaixorik dagoen presoaren eskubideen aldeko aldarrikapenak, baina haren inguru- ko aipamenik ez zela egin diote. «Nahiz eta behin estropada amaituta arraunlari eta agintarien ondo-ondoan egon, Ibonen etxeratzea eskatzen zuten pankarta izpirik ez zen ikusi».
NBEren eskuetan
Preso ondarrutarraren kasua NBEn dago orain, Argentina aldean hainbat sufritu duten Madres de la Plaza de Mayo Linea Fundadorako bi kideei esker.
Adierazi dutenez, Iparragirreren etxeratzea eskatzen jarraituko dute. «Noiz arte jarraitu behar dute beste aldera begira? Guk ezin dugu beste aldera begiratu. Ibon ez dugu bakarrik utziko, eta ez gara mutu eta geldirik geratuko, Ibon eta bera bezala larriki gaixo dauden presoen aurka burutzen diren giza eskubideen urraketa argien aurrean».