Hausnarketa arduratsua eta eztabaida publikoa eskatu die Lan eta Bizik alderdi politikoei
Hilaren 25etik aurrera ere, ordezkari politikoen jarrera zein den jakin gura duela dio Busturialdean Lan eta Bizi plataformak, prentsa oharrean; “datozen hilabeteak, urteak, hainbat arrazoirengatik, izugarri garrantzitsuak izango direla uste baitugu“, diote. “Hausnarketa arduratsurako eta eztabaida publikorako” lekuak eskatu ditu plataformak, eta aste honetarako deitu duten mahainguruan parte hartzeko borondate eza kritikatu. Hauteskunde garaian hauteslegoa informatzeko eta, batez ere, hausnarketa kolektiborako ekarpenak egiteko, mahaingurua deitzea zuen helburu Busturialdeko gehiengo soziala biltzen duen plataformak gaurko, eskualdeak bizi duen egoera berezia eta zaila dela iritzita.
Hain zuzen, honako gai hauek jorratzea ezinbestekoa ikusten du Lan eta Bizik: sektoreen egoera ekonomikoa; Muxikako industriaagunearen egitasmoa; Gernikako ibarraren egokitzapena; Oka arroaren eta Mundakako itsasadarraren saneamendurako lanak eta uren horniduraren kudeaketa eredua –eskualdeko ur partzuergoaren funtzioak eta etorkizuna–; Erreserbaren kudeaketa eta babesarekin lotutako auziak –Erreserbaren erabilerarako eta kudeaketarako egitasmo berriaren eraginak eta ondorioak–; Erreserba eremuan zenbait jardueren onarpena –esate batera, inguru babestuan Mundakako festibala, turismoa eta babesaren arteko orekaren arazoa– azpiegitura auzia, errepide azpiegitura berrien inpaktua eta trenbide sarearen garapena eta egokitzapena –Gernikako zatia lurperatzea, esaterako–.
Plataformak zehaztu duenez, EAJri, Elkarrekin-Ahal Duguri, PSEri, PPri eta EH Bilduri luzatu die mahainguruan parte hartzeko gonbidapena, baina azken horiek bakarrik baieztatu dute asistentzia. Hori dela eta, deialdia bertan behera utzi dute.