Giro onean agurtu dituzte Mutrikuko Galbaixo jaiak
Mutrikuarrek hamaika ospakizun egiteko aukera izan dute Galbaixoetan. Parrandaz parranda ibiltzeaz gain, falta diren auzotarrak ere gogoan izan dituzte urteko egun berezi horietan.Aurreko asteko jai egunen ondoren, Galbaixotarren Eguna ospatzen amaitu ...
Mutrikuarrek hamaika ospakizun egiteko aukera izan dute Galbaixoetan. Parrandaz parranda ibiltzeaz gain, falta diren auzotarrak ere gogoan izan dituzte urteko egun berezi horietan.
Aurreko asteko jai egunen ondoren, Galbaixotarren Eguna ospatzen amaitu dituzte mutrikuarrek galbaixoak.Azken urteotan Galbaixoko auzotar bat omendu izan dute bertokoek hain berezia den egunean, eta aurten, Luis Mari Agirrezabala Erdikua baserriko semea izan dute gogoan, emozioz beteriko ekimenean.
Agirrezabala hainbat urtez Debako Goaz antzerki taldeko kidea izan zen, eta, hain zuzen ere, berak idatzitako Ortzmuga antzezlana intepretatu zuten haren omenaldi modura.
Beste alde batetik, Bailo eta Anton Gandiagari 2-0 (15-10, 15-9) irabazita, Mutrikuko Xistera zirkuituaren finaleko txapela jantzi zuten Cosmek eta Del Riok.
Gazte mailan, berriz, Jon Bibondo eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak jantzi zuten txapela, Iker Ibarluzea eta Theo Laborde 2-1 (13-9, 9-13, 5-4) mendean hartuta. Nesken norgehiagoka, aldiz, Maite Ortiz de Mendibilek eta Izaro Arbek 15-13 irabazi zuten Nahia Calvo eta Eneritz Lizardiren aurka.
Euripean
Piñastei Eguna, berriz, euripean ospatu zuten. Ohitura den modura, barikua moilan igaro zuten mutrikuarrek, mahonezko arropa soinean eta arrantzale zapia lepoan lotuta.
Goizetik hasi zituzten ospakizunak, eta moilarako bidea kalejiran egin zuten. Kalejira portura iritsi eta minutu gutxira, moila urdinez tindatzen hasi zen, eta arkupean prestatu zituzten sardina erreen usaina han-hemenka zabaldu zen.
Sokamuturra hasi bitartean, gainera, gaztetxoek beti-betiko jolasetan aritzeko aukera eduki zuten. 13:00ak pasatxo hasi zen zezen eta behien sokamuturra, eta euria mara-mara ari zuenez, ohi baino arinago amaitu zen, 14:10ean.
Bazkalostean, berriz, kukaina gainean ibili ziren, eta ikurrina hartzen lehenengoa Aner Arakistain izan zen. Arakistainek estreinako parte hartu du proban, eta pozik astindu zuen ikurrina. Jarraian, gomazko ahateak jaurti zituzten uretara, eta horiek harrapatu nahian ibili ziren haurrak. Moilako ospakizunak Piñastei Eguneko bigarren sokamuturrekin amaitu zituzten.