Eguraldi txarrak ez ditu Bizikleta Asteko ekintzak gelditu
Asteburuan bizikletak izan dira nagusi Gernika-Lumoko kaleetan. Zapatuan Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egin zuten, eta domekan, berriz, familiek hartu zuten txanda. Ekintzok Bizikleta Astearen egitarauaren barruan egin dituzte, bihar ospatzekoa de...
«Eguraldi txarrak parte hartzea baldintzatu duen arren, jendea animatu egin da, eta emaitzagaz pozik gaude», esan dute Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko kideek.
Zapatuko martxa 120 bat parte hartzailek burutu zuten. Urtero legez, Merkurio iturriaren parean hasi eta amaitu zuten. Gautegiz Arteagatik Laida eta Laga hondartzetako bidea hartu, eta Ibarrangelutik Natxitura joan ziren. Handik, Ea, Ispaster, Ereño, Nabarniz, Arratzu, Munitibar, Muxika eta Mendata zeharkatuta heldu ziren helmugara.
Domekan mekanika tailerrean eta ginkanan batu ziren umeak. Ostean, guraso eta seme-alabentzako martxa solidarioa egin zuten. Eguraldiaren eraginez ibilbidea laburtu behar izan bazuten ere, bidean jende gehiago batu zitzaien. Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteak eta Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak moztu zuten familien martxako zinta.
Proba solidarioan 42 familiek emandako 70-80 kilogramo elikagai batu zituzten, eta Gurutze Gorrikoek beharrizana duten herritarren artean banatuko dituzte.
Bestalde, Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimeneko partaideek udalak bidegorriaren aldeko ekimena zentsuratu duela salatu dute. Izan ere, domekan Non dago Bidegorria? leloa zuen afixak kendu zituela adierazi dute. «Udalak Bizikleta Astean bizikletaren erabilera sustatzen duen bitartean, bidegorri sarea ez da bere osotasunean sustatzen, eta trabak jartzen dira bidegorri sarea eskatzen denean».
Udalari gogorarazi diote 2011. urtean bizikletaren erabilera bultzatzeko eta horren azpiegiturak egiteko onartutako mozioak ez dituela bete.