TKE Ligan lehiatzeko txartela lortu du Ondarroak
Antiguako Ama traineruko arraunlariek inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte aurtengo denboraldian. KAE 1 liga irabazi, eta igoera fasean TKE ligan lehiatzeko txartela lortu dute, Ares talde galiziarragaz batera.Igoera lortuta, Gorka Elordi Ondarroa A...
Igoera lortuta, Gorka Elordi Ondarroa A. E.-ko presidentea pozik agertu da, eta urte borobila izan dela nabarmendu du: «Aurten erakutsi dugun maila ez sinesteko modukoa izan da».
TKE ligan estreinako ariko da datorren urtean talde ondarrutarra. «Gorengo mailara bueltatzea lortu dugu azkenean. 90. hamarkadan urte onak bizi izan genituen. Garai hartan TKE liga sortu zen, baina gure taldean belaunaldi aldaketa bat egon zen, eta beheragoko mailan geratu ginen».
Elordik azpimarratu duenez, gazteekin eta herriko harrobiagaz gogor ibili dira beharrean, eta momentu txarrak eduki badituzte ere, hobetzen joan dira. «Orain 7 urte KAE1en maila galdu eta KAE2ra ere jaitsi ginen, baina urtetik urtera emaitzak hobetzen joan gara».
Denboraldi berria prestatzen hasiko dira laster, eta erronkarik nagusiena mailari eustea izango dela dio presidenteak. «Ez da helburuak ipintzeko momentua. Ikusiko dugu zelako taldea osatzea lortzen dugun, eta aurkariek ere zelako maila duten».
Beste behin ere, Ondarroako arraunlariek lorpena herritarrekin batera ospatu zuten domekan. Zaldupe futbol zelaitik hasita, kalejiran herri osoa zeharkatu eta gero, Musika Plazan amaitu zuten ospakizuna. Ehunka herritarrek parte hartu zuten ospakizunean. «Ru-ru-ru Ondarru» oihukatuz, festa giroa izan zen nagusi.
Kalejira amaitu orduko, udalak harrera egin zion taldeari, eta osteko ospakizunetan emozio handiko momentuak bizi izan zituzten. «Polita izan da herriaren harrera. Mailaz igo edo ez, herritarrekin ospatzeko asmoa genuen, herriari eskertzeko orain arte eman digun babesa».
Ospakizunen artean, nesken taldea osatzeko nahia agertu du taldeak. «Nesken trainerua osatzea egiteke daukagun gauzetako bat da, eta argi dugu bide horretatik joan behar dugula».