Busturiko presoen egoera «muturrekoa» dela salatu dute
Presoen eskubideen alde, Busturira herri plataforma sortu dute herrian. Eneko eta Ibon Goieaskoetxea anaien eta Kepa Arronategiren kasuak salatu dituzteIbon eta Eneko Goieaskoetxeak eta Kepa Arronategik «muturreko» egoera bizi dutela salatu du Bustur...
Presoen eskubideen alde, Busturira herri plataforma sortu dute herrian. Eneko eta Ibon Goieaskoetxea anaien eta Kepa Arronategiren kasuak salatu dituzte
Ibon eta Eneko Goieaskoetxeak eta Kepa Arronategik «muturreko» egoera bizi dutela salatu du Busturian sortu den euskal preso politikoen aldeko Busturira herri plataformak. Zapatuan egindako ekitaldian, hiru preso horien egoeraren berri eman zuten.Aipatu dutenez, Ibon Goieaskoetxea Valenceko espetxean dute preso, Frantzian, Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora. Valencekoa «kartzela esperimentala» dela azaldu du presoen aldeko plataformak; «ziegetan giltzapetuta izateaz gain, espetxeko edozein lekutara doazela ere giltzapetu egiten dituzte: liburutegian, patioa, gimnasioan… Gainera, ez dute inongo jardueratan parte hartzeko aukerarik».
Plataformaren ustez, bereziki aipagarriak dira senide eta lagunek bisitetara joateko dituzten zailtasunak. «Hori dela eta, joan den abuztuaz geroztik zigor ziegan sartzeko erabakia hartu zuten Ibonek eta harekin batera espetxe berean dagoen Aletxu Zobaranek», azaldu dute.
Euskal Herrira gerturatzea eta euskal preso politiko gehiagorekin elkartzea aldarrikatzen dute.
Ibonen anaia, Eneko Goieaskoetxea, Alcala Mecon (Madril, Espainia) dute preso, eta, plataformak salatu du isolamendu moduluan dutela, lehen graduan. Egoera «larria» dela esan dute, «bakar-bakarrik» dutelako. «Azken urte osoa eman du egoera horretan. Ez dauka inolako harremanik beste presoekin» esan dute; «psikologikoki oso kalte handia eragiten dio egoera horrek».
Kepa Arronategi Almerian (Espainia) dute preso. Duela 20 urte atzeman zuten (1997. urtean). Eguneko 24 orduetatik 20 ziegan giltzapetuta ematen ditu, egunero. Salatu dutenez, familiarentzako eta lagunentzako ere kostu handia suposatzen du egoera horrek: bai ekonomikoki, baita psikologikoki ere.
Sinadurak eta martxa
Egoera latz horiek guztiak salatzeko asmoz, Busturiko hainbat herritar elkartu dira, presoen bizi baldintzen berri eman eta gure elkartasuna helarazteko asmoz. Ibon eta Aletxuren egoeraren berri emateko gutunak bidaliko dizkiete Frantziako Justizia Ministerioari, Lyoneko Espetxe Zerbitzuen zuzendaritzari eta Valenceko espetxeko zuzendariari eta zuzendariordeari. Horretarako, sinadura bilketa hasi dute Busturialdean. Datorren astean, Busturiko Altamira auzoan San Migel auzoko festak ospatuko direla aprobetxatuta, jarraipena emango diete gutun bilketari eta egoeraren salaketari.
Bestalde, irailaren 24rako Valenceko espetxera martxa iragarri dute. Parte hartzeko amnistiaaskatasuna@gmail.com helbidean eman behar da izena. Barikuan, bestalde, Goieaskoetxea eta Zobaranen egoera salatu zuten Gernika-Lumon.