Baserri giroan amaitzen dute urtero Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek, eta Xixiliri gauean agur esan aurretik, hala egiten ari dira gaur ere. 10:00etan zabaldu ditu ateak azokak, eta goizean ateri izan bada ere, eguerdirako euria hasi da. Hala ere, jendea dabil Lamera eta inguruetatik.
Azokako postuetako bat
Ordu berean hasi da IV. oiloen erakusketa, eta euskal oiloaren Bizkaiko txapelketa ere jokatu da. Lameran izatea aurreikusita bazegoen ere, aurten, Taraskan jarri dute. Iaz egin modura, bestalde, abereen erakusketa ere badago Taraskan eta “arrakastatsua” izaten ari da. Ume asko ibili dira goizean Taraskatik, eguraldiak, baina, txarrera egin du gerora. Taraskako aterpean jarri dute aurten, berriz, okela dastaketa, euria iragarrita zegoelako. Aterpea jendez gainezka dabil.
Okela dastaketa Taraskan
Santa Eufemia eguna, jai eguna dute Gaztelun. Bermeoko udalbatza ere hara bertaratzen da urtero, bai eta txistulariak eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa ere. Gaur ere ez dute hutsik egin. Alkate soinua entzun dute lehenengo, eta ostean, dantzak eta biribilketak egin dituzte. Bestalde, Ageda Bilbao eta Jon Etxebarria omendu dituzte Gaztelun. Ageda da Santa Eufemia eguneko azokan parte hartzen duen bermeotar beteranoena. Jon Etxeberria, berriz, hamasei urtez Bermeoko apaiza izan da, eta gaur eman du azken meza. Han izan ditu herriko lagun guztiak.
Jon Etxebarria eta Ageda Bilbao
Ondoren, urtero legez, balkoitik balkoira aritu dira bertsotan Iratxe Ibarra, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita.
Batel estropadak
15:00etan hasita, berriz, euskal errepresaliatuen aldeko XI. Elkartasun batel estropada egingo dute. Parte hartu gura duten horiek arraun elkarte aurrean eman ahalko dute izena, edo eta
xielkartasunbatelestropada@gmail.com-era idatzita. Batel bakoitzeko 4 parte hartzailek eman beharko dute izena, eta patroia antolakuntzak jarriko du. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta merienda ere banatuko dute. Azaldu dutenez, mozorro onena daroan batelarentzako sari berezia egongo da.
22:00etan hasiko dira jaiak agurtzen, ordu horretan Goiko plazatik hasiko baita Xixiliren doluzko ibilbidea. Herritarrak datorren urtera arte agurtu ondoren, su emango diote olatu horman. Ondoren Zaragozana pirotekniaren suzirien erakustaldiaz gozatu ahalko dute bermeotarrek. Nahiz eta Xixiliri agur esan, goizaldera arte dantza egiten jarraitu ahalko dute; lehenengo, Las Tea Partyrekin Lameran, eta gero, Makatz Sound Systerren musikagaz txosnetan.
Egun bat luzatu
Jaietako protagonista barik, baina, biharkoan jai giroan jarraituko dute kostaldeko herrian. Txosna Batzordeak antolatutako kamiseta azokaz gain, olinpiaden azken proba ere lehiatuko dute, 12:00etan hasita.
Eguerdian, berriz, herri bazkarian bilduko dira, eta 15:00etatik aurrera, Elektromatxino elektrotxaranga ibiliko da kalejiran.
Arratsaldean, portura mugituko da giroa; Bermeo Hiriko ikurrina izango da jokoan. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, olatu horma ezean, herritarrek zein bisitariek Erroxape kaia (
Xixili eskultura dagoen kaia) erabili ahalko dute zapatuan, estropada ikusteko. Kai horrek jendea hartzeko duen gaitasuna, baina, ez dela olatu hormaren modukoa nabarmendu gura izan dute. Horregatik, kaia jendez betetzen baldin bada, sarrera itxi egingo dute.
Gauean, kontzertuak egongo dira Lameran.
Eguraldiak baldintzatuta
Euriak asko baldintzatu du asteongo egitaraua; zenbait jarduera bertan behera geratu dira, txosnetako zenbait kontzertu edo atzoko itsasoko eguna, esaterako. Beste batzuk, ordea, lekuz aldatu behar izan dituzte; umeentzako puzgarriak eta tailerrak, adibidez, kalean barik frontoian edo Gizarte eta Kultura Etxean egin behar izan dituzte.
Tor Magoaren ikuskizuna Gizarte eta Kultura Etxean egin zuten
Atzo, berriz, azken ordura arte zain egon ziren nagusien danborradako parte hartzaileak. Ordubete itxaron zuten San Frantzisko herri ikastetxean, ez zuenez atertu bertan behera utzi zuten.
Bertan behera geratu zen atzo nagusien danborrada