NBEk Ibon Iparragirreren aldeko kexa onartzea «oso garrantzitsua» dela diote
Larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko baraualdia egingo dute asteburuan, Donostian. Interpelazio eta atxikimendu kanpaina bat ere egiten ari dira, irailaren 30era arteNazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuaren tortur...
Larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko baraualdia egingo dute asteburuan, Donostian. Interpelazio eta atxikimendu kanpaina bat ere egiten ari dira, irailaren 30era arte
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuaren torturaren aurkako batzordeak Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarraren alde Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak aurkeztutako kexa onartu izana «oso garrantzitsua» dela esan dute Bilguneko ordezkariek. «Lehenengo aldia da NBEko batzordeak euskal preso baten aldeko kexa onartzen duena».Iparragirreren osasun egoera kontuan hartuta, ondarrutarra kartzelan egotea eta mediku zerbitzurik ez jasotzea delitutzat jo zuen Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak. Horren aurrean, otsailaren 19an estatu espainiarra salatu eta «kautelazko neurri» gisa eskaera bat aurkeztu zuten NBEko Torturaren Prebentziorako Batzordean. «Eskaera horretan Iparragirreren egoeran esku hartzeko eskatzen genuen», dio Gloria Feierabend Bilguneko mediku argentinarrak.
Feierabendek gogora ekarri du Iparragirre «hiltzeko arriskuan» dagoela, eta Espainiak ukatu egin diola zigorra etxean betetzeko eskubidea. Kautelazko neurri hori tramiterako onartzeaz gain, hura zabaltzeko beste eskaera bat ere egin du Bilguneak, pazienteak egokien jotzen duen sendagaia hartzearen ingurukoa. «Espero dugu bigarren eskaera hori ere onartzea», gaineratu du Feierabendek.
Salaketaren oinarriak
Feierabend eta Iratxe Urizar Bilguneko kideek aurreratu dutenez, Torturaren Aurkako Hitzarmenaren sinatzaileetako bat da Espainia. Eta hain justu, Iparragirreren kexa tramitera onartu duen NBEren batzordeak hitzarmen horrek ezarritako neurriak urratzen dituzten kasuak aztertzen ditu. Beraz, Iparragirre kartzelan mantentzeko Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hartutako erabakia aztertzea batzorde horri dagokio.
NBEk tramitera onartutako kexa Bilguneak aurkeztu bazuen ere, Iparragirre bera da sinatzailea. «Legeak dio Iparragirrek ez duela espetxean egon behar», diote Feierabendek eta Urizarrek. «Salaketa Torturaren Aurkako Hitzarmenaren artikulu ezberdinetan dago oinarrituta 1, 2, 7, 10, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16. Artikulu horiek estatu espainolak egiten duenagaz oso kritikoak dira».
Salaketa tramitera onartu dela eta salaketaren inguruko xehetasunak emateko, Bilguneko kideek agerraldia egin zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Eurekin batera egon ziren Joxe Mari Basterretxea neurologoa, Angelita Burgoa preso ondarrutarraren ama eta Gotzon Iparragirre presoaren anaia eta Iparra Galdu Baik plataformako kidea.
Neurologoa eta ama
Basterretxeak, esaterako, Iparragirreren gaixotasunaren inguruko azalpenak eman zituen: «Iparragirrek C-3 estadioan dauka Hiesa. Alegia, gaixotasun sendaezina da. Horren eraginez, leukoentzefalopatia multifokal progresiboa, nahasmendu kognitiboa, epilepsia krisiak eta Hies dementzia ere baditu. Ibonen gaixotasuna eta kartzela bateraezinak dira».
Presoaren amak etxe kartzela betetzen zegoenetik gaur egunera arteko errepasoa egin zuen. «2011n 100.2. artikulua ezarri eta etxe kartzela erregimena ezarri zioten. 2014an, ostera, bilatze eta atxilotze agindua ezarri zioten, nahiz eta eskuturreko telematikoagaz guztiz kontrolatuta zeukaten. Basauriko kartzelan sartu zuten, eta handik Navalcarnerora eraman zuten».
Presoak jasandako hainbat eskubide urraketa aipatzeaz batera, 2014ko azaroan Alcala-Mecora lekualdatu zutela gaineratu zuen Burgoak. «Osakidetzaren kontrolpetik kanpo gelditu eta erizaintza modulurik ere ez daukan kartzela batera eraman zuten». Halaber, azken 30 hilabetetan bost aldiz jipoitu dutela ere gaineratu zuen.
Behar beste mediku froga ez dizkiotela egiten, okerreko tratamenduak eman eta aldundiko gizarte zerbitzuek presoaren alabari kendutako diru laguntza ere aipatu zituen Burgoak.
Kanpainaren xehetasunak
Horren guztiaren aurrean, eta Iparragirreren kasua bakarra ez dela gogora ekarriz, Gotzon Iparragirrek hemengo eragile politiko eta sindikalei dei egin zien. «Ibonen aldeko salaketa argentinarrek sartu dute. Zeren zain daude hemengo eragile politiko eta sindikalak? Ibon hiltzeko zain?».
Gainera, abian dagoen kanpainaren inguruko xehetasunak ere eman zituen. «Irailaren 30era arte interpelazio eta atxikimendu kanpaina bat dago martxan. Horrez gain, gaur hasi eta domekara arte barauladi bat egingo dugu Donostiako Egiako frantziskotarretan. Baraualdiak irauten duen bitartean, gainera, Donostian ere larriki gaixorik dauden presoen egoera salatzeko mobilizazioak egingo ditugu».
Azkenik, domekan, baraualdiari amaiera emateko ekitaldia egingo dute, 17:00etan, frantziskotarren aurrean.
Ekintza horien guztien aurrean, herritarrei hurreratzeko eta informazioa jaso edota mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Iparra Galdu Baik plataformak.