Nabarnizko zaldi proben lehen saioa lehiatuko dute bihar
Asteburuan 47. Kinttopeko Zaldi Proba Txapelketa jokatuko dute Nabarnizen. Astelehenean eta martitzenean, berriz, 47. Zaldi Proba Txapelketa lehiatuko dute. Hiru probalari izango dira saio bakoitzean.Gamiz-Fikako Construcciones Torrontegiko ordezkariar...
Gamiz-Fikako Construcciones Torrontegiko ordezkariaren, Atxuriko Landaluzeren eta Laukizeko Unai Aresti Txotxi-ren arteko demagaz hasiko da lehia bihar, 21:00etan.
Etzi, 18:00etatik aurrera, Bermeoko Irati Erauzkinek eta Guriezoko Fermin Santamariak lehiatuko dute txapelketa. Halaber, Aulestiko Ibaratz elkarteko ordezkariak ere parte hartuko du, lehiaketaz kanpo.
Asteleheneko eta martitzeneko saioak ere 21:00etan hasiko dira.
Zaldi Proba Txapelketaren lehen egunean, Nabarniz Jatetxeko eta Mungiako Goieta Tabernako ordezkarien, eta Jose Luis Idoeta aulestiarraren demagaz gozatuko dute bertaratzen direnek.
Martitzenean hiru probalari hauek ariko dira zein baino zein gehiago: Mañuko Erauzkin, Koba aulestiarra eta Mungiako Goieta tabernako ordezkaria.
Sariak
47. Kinttopeko Zaldi Proba Txapelketaren irabazleak 750 euro, manta eta txapela jasoko ditu. Bigarrenak 650 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak 575 euro. Gainontzekoek 525 euro eta 475 euro artean jasoko dituzte.
47. Zaldi Proba Txapelketan nagusitzen denak 800 euro, manta eta garaikurra irabaziko ditu. Besteek 700 euro eta 450 euro artean jasoko dituzte. Herrikoei 120 eurona emango diete.