Jaietako eraso sexistak salatzeko batu dira gaur
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, eta hainbat izan dira deialdiagaz bat egin duten herritarrak.
Lamerako harrizko bankuaren aurrean batu dira euriari aurre eginez. Erasorik ez lelopean batu dira, nahiz eta bertaratuakoek mezu ezberdinak zituzten eskuetan hartuta.
Jaietan, lau eraso sexista egon direla azaldu du Maite Alvarez Sareginek Feministen Sareko kideak, eta “horiek salatzeko modukoak direla uste dugu”. “Muturreko erasoak ez direla izan” aipatu du, baina “mikrotxamismoan kokatu daitezen erasoak ere salatu beharrekoak direla” nabarmendu du: “Zorionez, gizartean tolerantzia maila aldatu egin da eta sentsibilitatea garatu dugu, eta ez da berez etorri. Lanean ari gara eta errazago identifikatzen ditugu eraso sexistak zeintzuk diren, eta neskak eta andrak horiek identifikatu egiten ditugu eta salatzera ausartzen gara, babes soziala daukagulako”.
Bermeoko Emakumeen Taldeak mikromatxismoaren inguruan lanean ari direla azaldu du. Argi daukate, baina, gai honekin urte osorako lana daukatela: “Eztabaida soziala bilatu beharra daukagu eta honen inguruan lasai berba egiten hasi behar gara”.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere berba hartu du elkarretaratzea amaitu ostean: “Jaiak mezu argi bategaz hasi genituen; emakumeok trankil bizi gura dugula edozein momentuan, baina bai jaietan ere. Jaietan emakume asko atzera begira ibiltzen dira beldurragaz, eta gaur egun egoera hori ez da onargarria”.
20:30ean, txosnagunean kalejira zaratatsua egiteko deia egin dute.