1936.urtean Markina-Xemeinen hil zuten Jose Sagarna apaizaren loba da Gorka Sagarna, eta Maria Serviniren eskariz, epaileak egin dizkion galderak erantzun ditu gaur, Gernika-Lumoko epaitegian.
Gorka Sagarna, epaitegiaren aurrean
Tropa frankistek atxilo hartu eta fusilatu egin zuten Sagarna, epaiketarik egin barik. Epaitegitik ateratzean Gorka Sagarnak berak azaldu duenez, Maria Servini epaile argentinarrak bidalitako galderak egin dizkio Gernikako epaitegiko epaile batek. “Osabari gertatutakoari buruzko zehaztasunak izan dira. Nik kontatu diot zer gertatu zen gure senidearekin, eta nola bizi izan zuten hori”.
Gorka Sagarnak zenbait dokumentu aurkeztu gura izan dizkio epaileari gaurkoan, baina, esan duenez, ez dizkiote onartu. “Txosten batzuk eman naahi izan dizkiot epaileak, berak ere izan ditzan eta deklarazioa osotu ahal izateko. Baina ez dizkidate hartu nahi izan. Epaileak esan dit bere lana niri galderak egitea besterik ez dela, eta bestelako kontuetarako Servinirekin egon behar dugula”.
Gorka Sagarnak azaldu du gotzaintzaren zertifikatu bat aurkeztu nahi izan duela, “gure osabaren egoeraren berri ematen duena. Adierazten du 2009. urtera arte haren heriotza erregistratu gabe zegoela; 2009. urtean erregistratu zuten hiru gotzaindegiek. Ordura arte ez zekiten non zegoen, ez udaletxean, ez epaitegian”. Horrez gain, Pako Etxebarria forentseak egindako txosten bat ere aurkeztu nahi izan du Sagarnak, bere osabaren gorpuzkiak haren herrira lekuldatu dituztela erakusteko.
Elkartasuna
Sagarna sendiari elkartasuna adierazteko, Gernikako epaitegiaren aurrean bildu dira gaur goizean hainbat lagun; tartean, memorialista taldeko kideko Gernika Batzordekoak, Goldatu elkartekoak eta Gernikako alkate Jose Mari Gorroño.
Zeanuriko alkate Eusebio Larrazabal ere Gernikako epaitegian da -Zeanurikoa zen Sagarna-. “Guretzat garrantzitsua da Sagarnaren kasua ikertzea”-esan du–. “Agian berandu heldu da, 80 urte pasatu dira, baina ea berarekin eta bere familiarekin dugun zorra bideratzen dugun, argitasuna, duintasuna eta errekonozimendua lortzeko”.
Gernika Batzordeko eta Goldatu taldeko Juantxu Izagirrek ere positiboki baloratu du Sagarna sendiaren kereilak aurrera egin izana. Hala ere, esan du hainbat kereila daudela oraindik ere, aurrera egiteko zain. Horren harira, egiaren eta justiziaren alde lanean jarraitzeko asmoa agertu du, eta instituzioen parte hartzea garrantzitsua dela esan du. “Ez Espainiak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute frankismoko krimenak argitzeko pausorik eman. Euskal instituzioak orain hasi dira esku hartzen”, aipatu du.
Zentzu horretan, hainbat udalerrik hartutako bidea aipatu dute bai Izagirrek eta baita
Frankismoaren aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformako kide den Josu Ibargutxik ere. Azken horren hitzetan, Iruñeko, Otxandioko, Gasteizeko, Elgetako, Oreretako… udalek emandako pausoa oso garrantzitsua da. “Bizkaian ere hainbat udaletan ari dira erabaki horiek hartzen. Gernika-Lumon hurrengo asteko osoko bilkuran eztabaidatuko dute instituzio gisa kereilatzea, Gernika-Lumon geratutako guztiagatik”, esan du.