Gernika-Lumoko ekitaldian izan da bermeotarra. Udaletxeko arkupeetan bildu den jendearen aurrean hitz hartu du Bizkaiko zerrendaburua denak, eta hiru ideia nagusiren inguruan aritu da: konpromisoa, autogobernua eta etorkizuna.
Erkorekaren esanetan, EAJ da azken legealdian bere konpromisoak bete dituen alderdi bakarra. Urkulluren agintaldian, duela lau urte agindutako neurri denak bete dituztela esan du. “Urkulluk bere programa bete du” -bermeotarraren esanetan-, “14 plan estrategiko aurkeztu ditu, 44 plan departamental, 650 ekimen konkretu eta 29 lege proiektu eraman ditu Legebiltzarrera”.
Autogobernuari dagokionez, EAJren altxorrik handiena dela aipatu du, eta berau handitzeko aukera bakarra bere alderdia dela.
Autogobernua, gainera, etorkizuna eraikitzeko erabili behar da, EAJren iritziz. Erkorekaren esanetan, “tresna” bat izan behar da gizarte politiketan aurrera egiteko, “euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko eta gizarte justuago bat lortzeko”.
Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak ere hitz hartu du gaurko ekitaldian. Urkulluk bere programan 1.800 neurri batu dituela aipatu du, eta programa hori betetzeko konpromisoa nabarmendu.