Igelak filmarentzako egin duten soinu-banda eta bideoklipa aurkeztu ditu gaur Gatibu taldeak, Donostian. Gernikarrekin batera, Patxo Telleria zuzendaria eta pelikulako aktoreak ere izan dira. Abestia entzungai dago
lotura honetan.
«Telleriarekin harremana dugu eta berak pelikularen gaia azaldu zigun, honen inguruan abesti bat egiteko eskaerarekin; guk proposamen bat egin genion eta ukitu batzuk eman ondoren abesti hau irten zen», azaldu du Alex Sardui, Gatibuko abeslariak.
Horretaz gain, egun hauetan Gatibukoak Mungiako Muxikon estudioan disko berria grabatzen ari direla jakinarazi dute. Durangoko liburu eta disko azokarako prest izango dutela azaldu du Sarduik.
«Zazpi abesti izango ditu, Igelak barne eta Gatibun forma izango du; sorpresa eta berriztasun batzuk ere egongo dira», adierazi dau abeslariak. Momentuz estudioan sartuta daudela adierazi du, grabaketa prozesuan murgilduta eta «kaña» sartzen.
Euskal pelikula
Igelak abenduaren 2an iritsiko da zinema aretoetara, baina, lehenago, Zinemaldiaren 64. edizioan estreinatuko dute. Pelikulako aktoreei dagokienez, Gorka Otxoak, Miren Gaztañagak, Josean Bengoetxeak, Gurutze Beitiak, Mikel Losadak eta Itziar Ituñok hartu dute parte bertan.
Filman euskal musikari ezagun askok parte hartu dute: Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Francis (Doctor Deseo), Natxo de Felipe, Oreka Tx eta Gatibu. Esan bezala, azken horrek egin du filmaren soinu-banda.
Gorka Otxoak, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada eta Itziar Ituño dira aktoreak, bestak beste..