Sei antzerki labur hartuko ditu Bihar Bermeoko Alde Zaharrak
Bermeoko Alde Zaharrak antzerkia inoiz baino hurbilago bizitzeko aukera eskainiko du bihar arratsaldean; izan ere, 19:00etatik aurrera eta 21:30era bitartean, gura duten guztiek sei antzerki labur edukiko dituzte aukeran.
Adin guztietako jendearentzat zuzendutako lanak dira, eta antzezlan horietan hiru bermeotar izango dira: Justi Larrinaga, Xabi Ortuzar eta Ozkar Galan, hain zuzen ere.
Sarrerak bihar bertan eskuratu ahalko dira 18:00etatik aurrera Goiko Plazan, eta ikusle bakoitzak gura dituen beste antzezlan aukeratu ahalko ditu, karta baten bitartez.
Ikusleak lanaren parte
Alde Zaharreko sei txoko ezberdin aukeratu dituzte lanak antzezteko; «ezkutuko» txokoak.
Goiko Plazara hurbilduko den pertsona batek eroango du taldea «ezkutuko» txokora, eta une horretatik aurrera, ikusleak ere antzezlanaren parte izango dira, mota horretako antzerkiek artistak eta ikusleak batzen baitituzte.