Azken urteetan egin modura, aurten ere, Bermeoko Udalak udalerriko bi euskaltegiekin elkarlanean,
guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu ditu. Horietan parte hartu gura dutenek
zabalik dute
izena emateko epea;
Berhaz bulegora jo beharko dute
irailaren 30a baino lehen.
Iratxe Garmendia, Juan Karlos Agirre eta Maite Alvarez, ikastaroen aurkezpenean
Bi ikastaro horien bitartez, familia bidezko transmisioa indartu gura da batetik; eta, bestetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Urtero eskaintzen dituzten ikastaro horiek urritik ekainera bitartean izango dira. Azaldu dutenez,
talde bakoitzari egokitutako metodologia erabiltzen dute, “erritmo lasaiago” batean.
AEK euskaltegian batuko dira gurasoak
Gurasoei zuzendutako ikastaroa, AEK euskaltegian izango da, eta
120 ordukoa izango dela azaldu dute. AEK euskaltegiko arduradun Iratxe Garmendiaren esanetan, “euskaraz ez dakitenek zein euskaraz jakin arren, alfabetatu gura dutenek parte har dezakete”. Horietan, besteak beste, “seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galtzen saiatuko dira, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute”.
Bestalde, euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren arabera, “euskara ikasteko bide bakarra etxea ez bada ere, gurasoek zeregin garrantzitsua dute hikuntzaren transmisioan; eurak zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabai transmitituko dieten hizkuntza osatuagoa eta aberatsagoa izango da”.
Etorkinentzako ikastaroak Gotzon Garitaonaindia euskaltegian
Etorkinei zuzendutako ikastaroa, aldiz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskainiko da. Ikastaro hori ere
120 ordukoa izango da.
HABEren Aisa metodoa erabilita, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dute ikastaroan. Hala, ikastaroaren bitartez, euskaraz lehen berbak esaten ikasten dute ikasleek, “eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatzen dituzte”. Euskara ikasteak “hartu-emanak errazten” dituela hasi ziren ikastaroak antolatzen, eta ordutik etorkin askok eduki dute euskaraz berbetan ikasteko aukera.
Era berean, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu dute. Aurten, gainera,
C2 maila eskainiko dute
Bermeon, lehenengoz.
Euskaraz ikasteko diru laguntzak
Atzo egindako agerraldian jakinarazi zutenez, HABEk eta Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituzten diru laguntzez gain, aurten,
Bizkaiko Foru Aldundiak ere diru laguntzak emango ditu. Hori buruzko informazioa osatua euskaltegietan jasoko dute ikasleek.
2015-2016 ikasturtean edota 2016ko udan euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten herritarrek, berriz,
Bermeoko Udalaren diru laguntza jaso dezakete. Eskaria Berhaz bulegoan egin behar dute
urriaren 1etik 31ra.
Eskatzaileek
Bermeon erroldatuta egoteaz gain, ikastaroa amaitzen denerako emandako
orduen %80 edo hortik gorako asistentzia eduki dutela ziurtatu beharko dute. Kasu honetan, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik ikasle bakoitzak, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko du. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen duten eskatzaikeek laguntza handiagoa jasoko dute; gehienez, matrikularen %70a jasoko dute. Langabetuek, berriz, gehienez, matrikularen %60 eskuratu ahalko dute, eta gainontzeko ikasleek, berriz, matrikularen %50a.