Gernikako azokan izan dira gaur koalizio abertzalearen hautagaiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako diputatuen laguntzarekin. Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrerekin batera, EH Bilduren hautagai den Iratxe Arriola Eako alkatea ere izan da. Proposamen konkretua egin du Agirrek, lehen sektorean enplegua sortzeko eta egonkortzeko plan integrala egitea. Horretarako, lehen sektorean inplikatutako instituzio eta eragile guztiekin hitz egiteko eta plan bat adosteko. Agirreren esanetan, azken urteetan instituzioen aldetik ez dute lehen sektorea zaindu, eta lanpostu asko galdu izan dira.
EH Bilduren programan mahai intersektorial bat sortzea jasota dagoela esan du Arriolak, ekonomia lokala suspertzeko eta enplegu egonkorrak sortzeko. Horretarako, politika aktiboak bideratu behar dira, Arriolaren esanetan.
Busturialdeari dagokionez, eskualdean produktu freskoen 70 tona kontsumitzen dira egunean; hala ere, Arriolak zehaztu du 70 tona horietatik %4 bakarrik dela bertokoa. Baserritarren kopurua azken 20 urteetan erdira murriztu dela gogorarazi du, eta beraiek landutako lurrak ere neurri berean murriztu direla. Beraz, erabili gabeko lurrak egon badaudela eta kontsumo potentziala ere badagoela esan du Arriolak, baina guzti hori egituratzea eta bide ematea dela falta dena.
Lehen sektorearen aberastasuna berreskuratu daitekeela uste du EH Bilduren hautagaiak, “beste politika batzuk egiten jarraitzen ez badugu”. Arriolaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan lur asko artifizializatu egin da dagoeneko: errepideenak, industriaguneenak, etxebizitzenak… Okupatu diren lur horiek, gainera, nekazaritzarako emankorrenak direla esan du Arriolak; bailararik lauenak, errekatik hurbilen daudenak, alegia. Beraz, neurri horiekin apurtu beharra ikusten du. EAEko industriaguneetan 4.000 hektarea baino gehiago hutsik daudela kritikatu du EH Bildukoak, eta 80.000 etxebizitza huts baino gehiago daudela. Bizkaiko lurraldean, gainera, politika horietan “erasokorrena” izan dela gaineratu du. Beste politika batzuk gauzatzeko aukera badagoela dio, Euskal Herri osoan, gainera.
“Aurrekontuaren zati handi bat esportazioak eta inportazioak diruz laguntzeko erabiltzen dituzte, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Europak 80 milioi euro baino gehiago gastatzen ditu esportazioetan, eta 72 milioi euro inportazioetan. Eusko Jaurlaritzak ere gastu hori proportzio berdinean egiten du; Europako PAC (Politica Agricola Comun) diru laguntza horiek Bruselako irizpideen arabera txertatzen dituelako. Beraz, ez da diru gehiago jarri behar; ziuraski, gutxiagorekin egin daiteke, baina, horretarako, azpiegitura handiak barik, azpiegitura txikiak bultzatu behar ditu gobernuak”, Arriolak azaldu duenez.
Bertoko zein beste zona geopolitikoetako komunitate eta herriak osasuntsu, aurreratu, libre eta justuak nahi badoguz elikadura burujabetza ezinbestekoa dela uste du koalizioak, eta hori, beraien politikaren ardatz izango dela azpimarratu du. “Jaten doguna garelako, burujabetza plateretik hasten da”, aipatu du Arriolak komunikabideen aurrean, eta horrek insituzioetatik politika ausartak eta aurrerakoiak egitea dakarrela. Hala, baserrien autonomia eta dibertsifikazioaren sustatuko duen politika sustatzeko, hainbat neurri aipatu ditu Arriolak. Tokiko hiltegi txikien alde egitea da neurrietako bat. Aipatu dutenez, gaur egun Tafalla, Oñati, Zestoa eta Mirandara daramatzate abereak; baserritar eta harakinei errentabilitateak kolokan jarriaz. Bestalde, Baserritarrek euren produktuak transformatzeko marko legala eta azpiegiturak euren esku jartzearen alde egingo dute. Halaber, lurrari lotutako eredua sustatzeko eta agroekologia hedatzeko tresnak bermatu nahi ditu EH Bilduk: aholkularitza, formakuntza eta baliabide publikoak, esaterako. Azkenik, eskoletako, ospitaletako eta egoitzetako jantokietako janarien gaineko araudia aldatuko dutela esan du Arriolak, bertoko produktuak lehenetsiz eta tokian tokiko eta bertokoaren proiektuak sustatuz.
Azken puntu horrekin lotuta, aipatu du Gernika-Lumon badela horren adibide bat: Allende Salazar ikastetxekoa, hain zuzen.Guraso elkartearen borrokaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak EAEan martxan jarritako proiektu pilotuen artean sartu da. Ikasturte honetan catering sistema kudeaketa propioagatik aldatu du eta horrek ahalbideratu du bertako umeek elikagai osasuntsuak, tokikoak eta sasoian sasoikoak jatea. Gainera, ekonomia lokalean, urtero, 250.000 euro utziko dituela zehaztu du EH Bilduren hautagaiak.
Politika horiekin ekonomia birlokalizatu nahi du EH Bilduk; “ekoizpen eredua desintentsifikatzea, kontsumitzaileek zein ekoizleek elikagai osasuntsu eta nutritiboak prezio justuan eskuratu eta ekoiztea, ekoizleentzat bizi baldintza duinak lortzea, lanpostu berriak sortzea, emakume baserritarrarekiko genero bereizkeria gainditzea eta planeta hoztea”, esan du Arriolak.