EH Bilduk Gobernu Programa aurkeztu du Gernikan
EH Bildu koalizioak Gernika-Lumon aurkeztu zuen Gobernu Programa, zapatuan. 720 neurri, 27 lege proposamen eta 26 plan estrategiko dakartza koalizio abertzaleak hilaren 25eko hauteskundeetarako; eta alor ezberdinetan eragiteko zehaztu dituzten neurriak dira: enpleguan, kulturan, hezkuntzan, zerga politikan, pentsioetan, gazteengan, emakumeengan, bakean edota erabakitzeko eskubidean, kasurako.
Giza dimentsioan oinarritutako herri programa garatu nahi du EH Bilduk, eta bost erronka nagusi zehaztu ditu: Erreskate soziala, burujabetza, bakea, gobernantza eta etorkizuna.
Gobernu programa bideragarri egiteko, 19 kontseilu eta batzorde herritar, 8 behatoki berri, 5 herri galdeketa proposamena, 3 agentzia berriren sorrera eta erakundeen arteko elkarlanerako 7 gune berri proposatuko ditu EH Bilduk. Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirreren esanetan, “ez dago herri proiekturik jenderik gabe; ez dago etorkizunik jendea kontuan hartzen ez bada, eta ez bada eraikitzen jendearen borondatearen, nahiaren eta lehentasunen gainean. Hori izan behar da iparra. Eta horren gainean eraiki beharko dira Euskal Herriaren etorkizuna eta askatasuna bermatzeko akordioak”. Kultura, hezkuntza era hizkuntza alorrean koalizioak proposatzen dituen neurriei buruz aritu zen Agirre zapatuan, haien garrantzia azpimarratuz. LOMCE eta Heziberri dekretuen aurka azaldu zen, hezkuntza sistema propioa aldarrikatuz eta hezkuntza akordio bat sustatzeko borondatea adieraziz.
Arabako zerrendaburu Miren Larrionek, bestalde, koalizio abertzaleak sozioekonomian egingo dituen ekarpenak azaldu zituen. Herri duina eta justua eraiki guraa dutela esan zuen, “zeinen eredu produktibo, ekonomikoa eta teknologikoa bere gizon eta emakumeen eskubide sozial eta laboralak babestuko dituen”. Lan harreman eta babes sozialerako, bestalde, Gizarte Segurantza Sistema eta Pentsioen Sistema propioak artikulatu behar direla esan zuen. “1080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeaz gain, etxebizitza legea garatzeaz gain Etxegabetzeen Kontrako Legea sortzea dugu helburu”, aipatu zuen, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren sarbiderako baldintza eta kopuruak aldatu behar direla esan: “Denok lan duina izan dezagun 35 ordutako lanaldia eta 1200 eurotako gutxieneko soldata ezartzera goaz, eremu publikoan, progresiboki, 40.000 lanpostu berri sortzearekin batera”.
Gipuzkoako zerrendaburu Maddalen Iriarte gobernantza ereduari buruz mintzatu zen. Politika jendearen zerbitzura egon behar dela aldarrikatu zuen, eta politikan jarduten direnak jendearen aginduetara jarri behar direla. Horregatik, neurri zehatzak proposatu nahi dituztela esan zuen, gobernantza eredua hobetzeko eta gardentasuna bermatzeko. Herritarren parte hartzea ahalbideratzeari begira hiru proposamen zehatzak plazaratu ditu Gipuzkoako zerrendaburuak: Kontsulten legea sortu; parte hartze politikak izaera estrategikoz Lehendakaritzan kokatu eta Galdeketak egiteko eskumena tokiko erakunde eta herritarrei eman, izaera loteslearekin. “Oinarrizko printzipioak eta elementuak izan beharko lirateke demokrazian baina, zoritxarrez, egunero ikusten ari gara kontrakoa. Gutxi batzuk politikaz aprobetxatzen direla interes pribatuak asetzeko”, salatu zuen. Hala, demokrazian jendearekin eta jendearentzat gobernatu behar dela esan zuen: “Bide zilegi bakarra da”.
Eredu zaharrak alboratzeko unea dela uste du Iriartek, praktika ilunen aurrean neurri eraginkorrak ezartzeko beharra dagoela. Gizarteak hori eskatzen duela esan zuen gipuzkoarrak, eta jendearen nahia betetzea borondate kontua dela: “Politikak haize berriak behar ditu, instituzioetan ateak zabaldu, leihoak ireki eta argia piztu behar dugu. Instituzioak jendearenak dira, ez alderdienak. Demokrazia, politika, agintea, ezin da lau hormetan itxi. Erabakietan parte hartzeko bitartekoak, bideak eskaini behar dizkiogu gizarteari”.
Arnaldo Otegik ere hitz hartu zuen zapatuko ekitaldian. Haren berbetan, burujabetzarik gabe Euskal Herria menpekotasunera kondenatuta dago. Horregatik, Gernikatik, etorkizuna eraikitzeko, lau ardatzetan oinarritzen den proposamena luzatu zuen: Gehiengo politiko, sozial eta sindikalak babestuko duen herritarren subiranotasun osoa helburu duen bide-orria adostu eta ezarri, akordio sozial eta politiko zabalez; Erabakitzeko eskubidea aitortuko eta praktikara eramateko bermeak eskainiko dituen estatus politiko berri baterako proposamena; Estatus politiko berria berresteko herritar kontsulta abilitatzailea eta Estatu espainolak izan dezakeen jarreraz gaindi, galdeketa abilitatzailez euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea estatus politiko berriaz, errespetatu eta garatzeko konpromisoa.