Mutrikuko Samikollako auzotarrak jaietan murgilduko dira bihar
Aurten bi egunetan ospatuko dituzte jaiak. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere auzoko jaietan parte hartuko du. Galbaixotako bertso jaialdia ere auzoan egingo daBihar, San Nikolas bezperan hasiko dira Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak. Eta bi egunez...
Aurten bi egunetan ospatuko dituzte jaiak. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere auzoko jaietan parte hartuko du. Galbaixotako bertso jaialdia ere auzoan egingo da
Bihar, San Nikolas bezperan hasiko dira Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak. Eta bi egunez, denetariko ekintzak egongo dira. Auzoko jaiek Galbaixo jaien aurreko asteburuagaz bat egiten badute ere, auzotarrek euren nortasuna indartzeko jaiei eutsi diete, eta egitarau erakargarria prestatu dute. Hori bai, ahal izan duten heinean, herrigunean eta auzoan egingo diren ekintzak ordu berean ez izatea saihesten ahalegindu direla gaineratu dute. «Herritarrek batean zein bestean egoteko aukera izango dute».Samikollako auzotarrek 2010. urtean berreskuratu zituzten auzoko jaiak. Ilusioz eta indarrez hasi ziren. Eta aurten, zazpigarren urtez hasierako grinari eusten jarraitzen diete. Jaiak antolatzeko gogo horren adierazle da urte batetik bestera jaietako programan gehitzen edota berritzen diren ekintzak.
Indartsu hasiko dira jaiak bihar. Izan ere, Bertso Eskolari esker, Galbaixotako bertso jaialdia auzoan egingo da, inoiz ez bezala. «Guretzat ohore bat da bertso eskolak antolatzen duen eta hain ospe handia daukan bertso jaialdi hau gure auzoan egitea. Gainera, ekintza horrek jende asko erakarriko du. Beraz, bertso eskolakoei eskerrak eman nahi dizkiegu», azaldu du Garbiñe Agirregomezkorta Samikollako bizilagunak. Hori 22:30ean hasiko da, eta bertsolariak ondokoak izango dira: Odei Barroso, Iñaki Apalategi, Amets Arzallus eta Angel Mari Peñagarikano. Gai jartzaile lanetan, ostera, Unai Belaustegi mutrikuarra ariko da.
Jai giroa, baina, arratsaldean hasiko da. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, aurten, puzgarriak egongo dira auzoko parkean. «Orain arte inoiz ez dira egon, eta puzgarriek ere gurasoak eta umeak erakarriko dituzte, seguru».
Erraldoiak eta buruhandiak
Erraldoi eta buruhandien konpartsa ere protagonista izango da Samikollako jaietan. «Erraldoi eta buruhandiak beti egoten dira presente herriko jai guztietan. Eta konpartsako kide batzuk auzotarrak badira ere, orain arte erraldoiak eta buruhandiak ez dira egon auzoko jaietan. Bada, aurten, Goiko Plazatik hasita, kalejiran etorriko dira auzora; pozgarria da».
Gainera, erraldoi eta buruhandiekin herriko gazteak ere auzora igoko direla gaineratu dute. «Umeak eta gurasoak puzgarrietan ibiltzeko auzora etorriko dira, eta kalejirak beste gazteak ekarriko ditu».
Zapatuan askotariko ekintzak egingo dira. Meza, omenaldia eta bazkalaurreko beti-betiko ekintzez gain, auzotarren bazkarian 50 auzotar inguru batzea espero dutela diote. «Gehienek azken momentuan baieztatzen dute. Baina, aurten, zapatua izanda, espero dugu jendea batzea. Dena dela urtero batzen gara nahikoa auzotar». Arratsaldean, zezen txikiekin jolasean ibili eta gero, gaueko kontzertuen txanda izango da. «Aurten kontzertuen alde apostu egin dugu».
Zapatuko kontzertuak
Zehatz esateko, Auskan eta Jose Replay taldeak izango dira Samikollako gaua girotuko dutenak. «Auskan taldeko kide batzuk auzotarrak izateaz gain, taldea bera ere Mutriku Rock Kolektiboko kide da, eta beti saiatzen gara herrikoei ere lekua egiten. Horrez gain, Jose Replayk giroa ipiniko du».
Auzoan bertan egingo diren ekintzei, gainera, herrigunean egingo direnak gehitu behar zaizkie. Izan ere, horiek udalak eta herriko beste talde batzuek antolatuta badaude ere, jai usaina Mutriku osora zabaltzen lagunduko dute.
Beraz, bihar eta etzi egingo diren ekintza horiekin guztiekin eta Samikollako auzotarrei eta oro har, mutrikuar guztiei falta ez zaien gatz eta piperrarekin, bi egunetan girorik ez da faltako.