Goiko Plazan batuta eman zioten hasiera atzo gauean bermeotarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei. Udaletxerik ezean, eraikinaren aurrean kokatutako agertoki batera igo zuten jaietako protagonista nagusia, Xixili; eta, urtero modura, txalo zaparrada artean aurkeztu zuten.
Xixiliren aurkezpena
Idurre Bideguren alkateak pregoia irakurri ostean, eta txupina jaurti baino lehen, aurten urteurrenak ospatzen ari diren Bermeoko Abesbatzeko (60 urte), Alkartasuna Dantza Taldeako (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako (10 urte) ordezkariek jaso zituzten ikurrina eta Bermeoko bandera.
Bermeoko Erraldoien Konpartsako eta Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariak Bermeoko alkateagaz
Urte hauetan guztietan «herriari egindako ekarpena» eskertu gura izan die Bermeoko Udalak hiru talde horiei. «Bermeoko kultura zabaltzeko eta gure herria euren dantza, abesti, kalejira eta ekitaldiekin alaitzeko lan garrantzitsua egiten dute. Bermeoko kultura zabaltzen dute, bai herrian zein mundu mailan», esan zuen alkateak. Hori lortzeko, «ahalegin handiak» egiten dituztela gaineratu zuen, horregatik herria «harro» dagoela nabarmendu du.
Arratsaldean hasi zen jai giroa usaintzen herriko kaleetan. Mahonak eta mota ezberdinetako apaingarriak soinean jantzita, Almikara igo ziren kuadrillak asko izan ziren. Ume, gazte eta nagusiek giro izugarria sortu zuten. Txosnetara iritsita, txosnagunea zabaldu zuten.
Almikatik jaitsiera
Protokolo eguna
Gaur Andra Mari eguna da, protokoloz betetako eguna. Bermeoko Udalbatza Goiko Plazan batu da, eta alkate soinua entzun dute bertan. Ondoren, kalejiran, Almika auzorantz abiatu dira. Almikan, meza entzun ostean, ohorezko aurreskua dantzatu eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia izan da.
Erraldoiak eta Xixili, Almika auzoko ekitaldian
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, danbor hotsek hartuko dute herria, umeen danborradaren ordua izango baita. Urtero egin modura, Ataldetik abiatu eta Esparru, Zubiaur Tar Kepa, Arreskuenaga, Erreten eta Erribera zeharkatuko dituzte, Lameran azkenengo emanaldia eskaintzeko.
Umeek, beste alde batetik, ipuin kontalaria, jolasak eta tailerrak edukiko dituzte aukeran txosnagunean. Eta kirola gustuko dutenek pilota partiduak edota idi probak ikusi ahal izango dituzte.
Andra Mari eguna amaitzeko, kolorez beteko dute zerua; 22:00etan, Valecea Pirotekniak jaurtiko ditu suziriak.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.