Lau gizonezko atxilotu dituzte ustez lapurtzen saiatzeagatik
Gernika-Lumoko Ertzain-etxeko agenteek, atzo goizaldean lau gizon atxilotu zituzten, zenbait etxebizitzatan lapurreta saiakerak egitea leporatuta. Gertaera, Gernika-Lumoko Zallo auzoan gertatu zen. Identifikatuta dagoen, baina ihes egitea lortu zuen bosgarren gizon baten bila dabil polizia.
Atzoko 7:30ak inguru zirenean, Zallo auzoko bizilagun batek Ertzainari deitu zion bost gazte jabego pribatu bateko hesia eskalatzen ari zirelako, bertara sartzeko asmoarekin. Lekukoaren esanetan, gazteak beltz koloreko Audi A6 batean agertu ziren auzoan.
Bertaratu ziren zenbait patruilek autoa geldiarazi zuten, 18 eta 36 urte bitarteko bost bidaiariak identifikatu eta atxilotzeko. Momentu hartan bidaiarietako batek ihes egitea lortu zuen.
Turismoa erregistratu ostean, ertzainek hainbat erreminta, bihurkinak, zizaila bat eta kurrikak atzeman zituzten. Zenbait lekukoren deklarazioarekin, agenteek lau pertsona horiek atxilotu zituzten, hainbat etxebizitzatan lapurtzen saiatzearen akusaziopean.
Atxilotutakoak polizia-dependentzietara eraman zituzten, eta epailearen aurrera eraman zain daude. Akusatuta dagoen bosgarren gizonezkoaren nortasuna ezagutzen dute, eta haren bila ari dira.