Hondartzen kalitatearen adierazleak mantendu nahi dituzte datozen urteetan
Kudeaketa ona eta ingurumen zaintza berresten duten ISO ziurtagiriak mantentzeko, Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integratuagaz jarraituko dutela adierazi du foru aldundiak Ander ZarragaBizkaiko Foru Aldundiak Aritzatxu (Bermeo), Laida, Laga (Ibarrangelu...
Kudeaketa ona eta ingurumen zaintza berresten duten ISO ziurtagiriak mantentzeko, Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integratuagaz jarraituko dutela adierazi du foru aldundiak Ander Zarraga
Bizkaiko Foru Aldundiak Aritzatxu (Bermeo), Laida, Laga (Ibarrangelu), Ea, Ogella (Ispaster), Isuntza (Lekeitio), Karraspio (Mendexa) eta Arrigorri (Ondarroa) hondartzek dauzkaten kudeaketako UNE-EN ISO 9001: 2008 eta ingurumeneko ISO 14001:2004 ziurtagiriak mantendu nahi ditu hurrengo urteei begira.Kalitatea eta kudeaketa ziurtatzen duten ziurtagiri horien helburua hurrengoa da: hondartzetako ingurumena modu adeitsuan erabiltzea, erabiltzaile guztiei sarbidea erraztuz eta hareatzen kalitatea hobetzeko lan egitea.
Bizkaian dauden 28 hondartzetatik 15ek badituzte ziurtagiri horiek.
Foru erakundeak 2018 urteari begira finkatu du, hain zuzen ere, ziurtagiriok mantentzeko helburua. Izan ere, horiek lortzeko hainbat baldintza eguneratu egin zituzten iazko irailean. Hori dela eta, kalitatezko zerbitzuak emateko eta ingurumenak jasaten dituen eraginak murrizteko zenbait programak jarri ditu abian.
Kudeaketa sistema horren adibideak dira hondartzetan jarri dituzten eguzki-panelak eta dutxetako eko-murriztaileak, komunetako ur kontsumoa gutxitzeko. Hondakin gutxiago sortzeko eta erabiltzaileek sortutako edo itsasoak ekarritako zaborra batzeko neurri bereziak ere hartu dira.
ISO arautegiak ezartzeak kudeaketan etengabeko hobekuntzak egotea adierazten du; eta bandera urdinak eta antzerako ikurrek, ostera, baldintza batzuk betetzen direla baino ez dute adierazten.
15 urteko ibilbidea
Bizkaiko hondartzetan ISO 9001 eta 14001 ziurtagiriak lortzeko prozesua 2001eko ekainean hasi zen. Bizkaiko Foruko Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Salbabide eta Laguntzako Bizkaiko Federazioak, BBKren Gizarte Ekintzak eta Bizkaiko kostaldean dauden udalerriek Bizkaiko Hondartzen kudeaketari eta kalitateari buruzko Esparru-akordioa sinatu zuten orduan.
Kalitatearen bermea
Akordio horren ondorioz, erakunde sinatzaileek Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integratu bat garatu zuten. Hasieratik, helburua herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta natur guneak babestea izan zen.
Laga, Laida eta Karraspio, Bakio eta La Arena hondartzekin batera izan ziren, hain zuzen ere, sistema berri hori ezartzen hasi ziren lehenengoak. Gerora, ezarpen eremu hori beste hainbat hondartzetara zabaldu da.
Kudeaketaren arloko eta ingurumenaren inguruko ziurtagiri horiek erakunde publikoek hondartzak hobetzeko egiten duten etengabeko lana aitortzen dute.