Garagardo Fest, zapatuan, Uhagon Kulturgunean
Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean Garagardo Fest jaialdia ospatuko dute zapatu arratsaldean.Iazkoan izandako arrakasta ikusita, aurten ere jendea bertaratzea espero dute.Garagardozaleek huts egin ezinezko hitzordua dute. Izan ere, askotariko garagar...
Iazkoan izandako arrakasta ikusita, aurten ere jendea bertaratzea espero dute.
Garagardozaleek huts egin ezinezko hitzordua dute. Izan ere, askotariko garagardoak dastatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek.
Uhagon Kulturguneko kideek jakitera eman dutenez, eguraldi onagaz kanpoan egingo lukete jaialdia; euria egingo balu, ostera, barruan elkartuko lirateke.
«Nahi duena etorri ahal da. Garagardo motak dastatzeagaz batera, haiei buruzko informazioa ere emango dugu», zehaztu dute antolatzaileek.
Eskaintza zabala
Zortzi bat garagardo mota probatzeko aukera eskainiko dute: «Bakoitzak prezio jakin bat edukiko du».
Besteak beste, Frantziako Kronenbourg garagardo ezaguna egongo da. 1664an du jatorria, eta garagardo marka ezagunenetarikoa da.
Konig Ludwig Weissbier marka ere edukiko dute aukeran Uhagonen. Besteak beste, 2008. urtean garidun garagardorik onena izendatu zuten.
Era berean, Warsteiner garagardo alemaniarra dastatzeko aukera ere egongo da. Alemaniako garagardogile independenteetako baten ekoizpena da.
Cervezas Alhambra marka andaluziarra ere ekarriko dute. 1925ean Granadan (Andaluzia, Espainia) sortu zuten.
Grimbergen garagardoa ere probatzeko moduan egongo da. Belgikako hiriburu Bruselatik 20 kilometrora dagoen izen bereko hirian dauka jatorria, eta fruitu gustua dauka.
Halaber, garagardo dastaketari laguntzeko pintxo mota desberdinak egingo dituztela jakitera eman dute. Pintxoak 0,50 euroan ipiniko dituzte.
19:00etan hasiko da Garagardo Fest jaialdia, eta ordu bete beranduago, Aterri talde gipuzkoarraren kontzertua egongo da ikusgai. Sustrai afroamerikarrak dituzten doinuei lehentasuna emango diete taldekideek. Eibar eta Elgoibarko kideekin osaturiko laukoteak kantu ezagunen bertsioak eta abesti propioak ere joko ditu.
Musikak lagunduta, jai giro ederrean jan-edanean lagun artean egoteko aitzakia eskainiko dute Uhagongo kideek.