Motor zaleek Ereñoko
Gabika auzoan dute hitzordua zapatu arratsaldean. Proba
Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da.
Lasterketa 15:30ean hasiko da, baina,
goizean burutuko dituzte
egiaztatzeak eta entrenamenduak, 10:00ak inguruan hasita.
Kimuen, promesak kategoriaren, 18 urtez azpikoen, eliteen, beteranoen eta klasikoen mailako lasterketak jokatuko dituzte.
Bihar itxiko dute izen ematea
Bertoko eta kanpoko pilotuen erakustaldiaz gozatzeko aukera ederra eskainiko du txapelketak, beste urte batez. Kategoria desberdinetan,
51 pilotuk eman dute izena dagoeneko.
Bihar arte dago izena emateko aukera, beraz, bihar zehaztuko dute parte hartzaile kopuru zehatza. “Bihar jakingo dugu, baina, 90 bat moto gidari espero ditugu”, zehaztu dute Gernika Off-Road taldeko kideek.
Zirkuitua betikoa izango da; orain arte oso siku egon dela azaldu dute antolatzaileek, baina, gaurko euriak mesede egingo diola-eta, lehiarako prest egongo dela adierazi dute. “Aro ona egongo da, eta jendea animatzea espero dugu”.
Beste behin, ikuskizuna ziurtatuta egongo da. Euskal Herriko zein kanpotik etorritako pilotu ezagunek lehiatuko dute lasterketa. Bertoko moto gidariei dagokienez,
Alex Olaeta ibarrangelutarra eta
Unai Gerrikaetxebarria gernikarra 18 urtez azpikoen kategorian ariko dira.
Oier Lavin bermeotarra, ostera, junior X2 kategorian lehiatuko da.
Era berean, pilotu ezagun eta izen handikoak ere etorriko dira Ereñora. Besteak beste, aurtengo Munduko txapeldun
Ander Valentin nafarrak parte hartuko du. Katalanek ere ez dute hutsik egingo; besteren artean,
Nil Bussot eta aurreko astean Superkros Txapeldun titulua irabazi zuen
Joan Cros ariko dira lehian.
Sari banaketa ekitaldia 20:00etan egitea aurreikusi dute antolatzaileek.