Ia bi segundoko errenta lortu du Urdaibaik Kontxako lehen lehian
Bermeorengandik segundo 1 eta 78 ehunenera geratu da Hondarribia. Bi faboritoekin, San Juan eta Kaiku egongo dira domekan ohorezko txandan. Lehia estuak espero diraKontxako banderaren lehen jardunaldian segundo 1 eta 78 ehuneneko aldea atera zion domek...
Bermeorengandik segundo 1 eta 78 ehunenera geratu da Hondarribia. Bi faboritoekin, San Juan eta Kaiku egongo dira domekan ohorezko txandan. Lehia estuak espero dira
Kontxako banderaren lehen jardunaldian segundo 1 eta 78 ehuneneko aldea atera zion domekan Urdaibaik Hondarribiari. Alde estua egon zen beste behin TKE Ligako aurtengo bi handien artean. Horrenbestez, domeka honetarako emozioz beteriko lehia espero da.Herenegungo estropadan ez bezala, Kontxako bigarren eta azken jardunaldian, Bermeo, Hondarribia, San Juan eta Kaiku txanda berean egongo dira. Bestalde, Oriok, Zierbenak, Tiranek eta Donostiarrak osatuko dute lehen txanda.
19 minutu, 22 segundo eta 48 ehunenetan amaitu zuten lehia bermeotarrek. Hondarribiak egin bezala, ondo bete zuen Urdaibaik lana; biek ala biek dena eman, eta zein bere txandan nagusitzea lortu zuten.
Hondarribiaren denboragaz alderatuta, lehen luzean 4 segundo gehiago zeramatzan Urdaibaik, baina ziabogaren ostean, guztiz aldatu zen egoera.
Bigarren luze ikusgarria
Bermeotarrek bigarren luze ikaragarria burutu zuten, eta horri esker lortu zuten estropada irabaztea. 9 minutu, 43 segundo eta 61 ehuneneko denbora markatu zuten Ama Guadalupekoa ontzikoek lehen ziabogan, eta Bou Bizkaia-ko arraunlariei 5 segundo eta 15 ehuneneko aldea atera zieten. Hain zuzen ere, Bermeo baino azkarragoak izan ziren ziabogan Kaiku zein Orio.
Hondarribiak, Kaikuk, San Juanek eta Oriok osatu zuten lehen txanda. Hondarribiarengandik 11 segundo eta 8 ehunenera sailkatu zen Kaiku, eta pasaitarrak izan ziren txandako hirugarrenak, hondarribitarrengandik 21 segundo pasatxora helduta.
Oriok, ostera, Hondarribiak baino 24 segundo eta 88 ehunen gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko.
Bigarren txandan Urdaibaik bere nagusitasuna agerian utzi zuen. 30 segundo eta 86 ehuneneko aldea atera zion Zierbenari, eta 35 segundo eta 38 ehunenekoa Tirani.
Donostiarrak bere estropada egin zuen; irabazlearengandik 58 segundo eta 38 ehunenera sailkatu zen.
Lehia hasi aurretik espero zitekeen emaitza da domekakoa, baina Kontxan ezustekoak ere izaten direla jakina da. Hala eta guztiz ere, herenegun ustekabe gutxi egon ziren.
Nesketan, San Juan nagusi
Gizonezkoen lehiaren aurretik emakumezkoen estropada jokatu zen, eta San Juan izan zen zortzi taldeen artean azkarrena. 10 minutu, 39 segundo eta 88 ehuneneko marka lortu zuen, eta Hibaika bigarren sailkatuari 2 segundo eta 28 ehuneneko aldea atera zion.
Oriotarrak sailkatu ziren hirugarren, pasaitarrengandik 3 segundo eta 74 ehunenera.
Gizonezkoen lehian moduan, emakumezkoetan ere alde estua dago lehenengo hiruren artean, beraz, domekan edozer gerta liteke.