Urte berezia dute Bermeoko Abesbatzak (60 urte), Alkartasuna Dantza Taldeak (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsak (10 urte); urteurrenak ospatzen ari dira aurton. Hainbat izan dira urtean zehar urteurrenak ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiak.

Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Bermeoko Abesbatza eta Alkartasuna Dantza Taldea, Arrain Azokan egindako ikuskizunean
Bermeoko Udalak talde horiek “urte hauetan guztien herriari egindako ekarpena” eskertu gura die. Hala, talde horietako ordezkariek parte hartuko dute biharko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako hasierako ekitaldian; eurak arduratuko baitira ikurrina jasotzeaz. Ondoren, jaien hasierako txupinazoa jaurtiko dute.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, “Bermeoko kultura zabaltzeko eta gure herria euren dantza, abesti, kalejira eta ekitaldiekin alaitzeko lan garrantzitsua egiten dute. Bermeoko kultura zabaltzen dute bai herrian zein mundu mailan”. Hori lortzeko, “ahalegin handiak” egiten dituztela gaineratu du, horregatik herria “harro” dagoela nabarmendu du alkateak.