Joanes Goitisolok irabazi du Mendatako mendi maratoia
Hiru ordu, 26 minutu eta 20 segundotan amaitu zuen atzo 42 kilometroko ibilbidea arrolapetarrak. 2007an lortutako errekorra gainditzeko gutxi falta izan zitzaion; hiru ordu eta 23 minututan dago errekorra. “Egin zuen tenperatura eta hezetasuna kontuan izanda meritua dauka, atzo 2007an baino bero gehiago baitzegoen”, nabarmendu dute Mendata Ezagutuz taldeko kideek.
Agurtzane Argiarro bermeotarra izan zen nesketan azkarrena. Lau ordu, 55 minutu eta 40 segundoko denboran heldu zen helmugara. Mendatan eskuratu duen hirugarren garaipena da aurtengoa.
30 korrikalarik lehiatu zuten Mendata Ezagutuz XII. mendi maratoia. Goitisoloren atzetik Aitzol Jimenez sailkatu zen, hiru ordu, 42 minutu eta 49 segundoko denboragaz. Axier Lopez de Aberasturi hirugarrenak lau ordu, lau minutu eta 18 segundoko denboran burutu zuen proba.
Mendi ibilaldian partaidetza handia
Bestalde, XVII. Ibilaldi Neurtuan egondako partaidetza azpimarratu dute antolatzaileek. “500 pertsonako muga geneukan, eta parte hartzaileen eskariak eta deiak zirela eta, azken astean 50 plaza gehiago eskaintzeko erabakia hartu genuen, egunean bertan hurbiltzen zirenentzat. Hala ere, atzo 120 lagun inguru hurbildu ziren, eta ondorioz, 70 pertsona leku gabe gelditu ziren”, zehaztu dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ibilbidean erorketa bat gertatu zen, baina, ez zen larria izan: “Emakumezko batek tibia eta perone apurtu zituen. Anbulantzia eta antolakuntzaren laguntza taldeari esker menditik ospitalerako logistika ondo konpondu zen”.