Independentistak sareko kideek eta bermeotarrek portuan egin zuten agerraldia atzo arratsaldean.
Beste urte betez Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapena ozen zabaldu zuten: “Dependentzia eta independentzia balantza batean ipiniz gero, askoz ere erakargarriagoa, askatzaileagoa dena eta gainera, herri zein pertsona legez komeni zaiguna independentzia da”.
Hori lortzeko elkarlana behar-beharrezkoa dela azaldu zuten: “Bideak berak eroango gaitu independentzira. Prozesu baten barruan bidea jarraitu eta berak independentziraino garamatza”.
Kendutako estatua berreskuratzeko ordua dela esan zuen Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak: “Herri batek, nazio batek bere estatua ez badauka, nekez egin dezake aurrera mundu honetan. Beti esan digute estatuak gaindituta zeudela, hori XIX. mendeko kontua zela, baina, XXI. mendean mundua estatuen bitartez antolatuta dago, eta estatu ez denak ez dauka izaterik. Beraz, Euskal Herriak ez dauka beste biderik estatu hori berreskuratzea baino”.
Independentistak sarearen lana herria martxan jartzea lortzea dela azaldu zuten; gehiengo sozial bat metatzea. “Urteak eta urtek ari gara borrokan. Orain dela 500 urte estatua galdu genuenetik etengabe herri hau borrokan ari da. Mendez mende, hamaika gerra, hamaika miseria, hamaika sufrimendu egon dira. Eta merezi du behingoz pausoak ematea, eta erresistentziatik irabaztera joatea. Indarra daukagu erresistentzian jarraitzeko, baina, noiz arte horrela?”
Jausi bat emateko momentua dela adierazi zuen; beste agertoki batera pasatzeko, eta estatua sortzeko momentua dela.
Halaber, Espainiar estatu eredua goitik behera “ustelduta” dagoela esan zuten: “Eta zergatik jarraitzen dugu Madrilera begira? Geure bidea egin behar dugu”.
Euskal estatua abertzaleek bakarrik ez, herri osoak behar duela aldarrikatu zuten, “hobeto” bizitzeko eta “benetako” demokrazia bat eraikitzeko. “Horretarako tresna estatu eraikuntza da. Gure nortasunaz, kulturaz, hizkuntzaz gain beste mila arrazoi atera behar ditugu plazara, abertzaleok eta ez abertzaleek ere bat egiteko euskal estatuaren alde”.
Katalunia eredu
Datorren astean herriko jaiak izateaz gain, Katalunian Diada eguna ere ospatzen dela (irailaren 11an) gogora ekarri zuten, eta hango ereduaz mintzatu ziren.
Iazko Diadan herri baten zein independentziaren “indarra” agerian geratu zela nabarmendu zuten Independentistak sarearen kideek. Eta indar horren emaitzak ere aipatu zituzten: “Emaitza horri esker Parlament independentista bat dute Katalunian. Han ere izaten dira gorabeherak, tentsioak edota momentu larriak, baina, aurrera doaz eta aurten ere beste pauso bat ematera doaz. Aro berri bat zabaltzen da Katalunian; Katalan estatua eraikitzeko eta Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko urrats definitiboak datoz, eta Espainiar estatuagaz izango duten konfrontazioa ere egundokoa izango da”.
“Aurtengo Diadan ere Katalan herriak erakutsiko du han herri bat bizi-bizirik dagoela, herri bat martxan dagoela, herri bat antolatuta dagoela. Herri horrek estatu egiturak landuta dituela, eta prest dagoela. Eta gu noiz jarriko gara prest?”, galdegin zuten.
Gogoratu zuten euskal jendartea beti instituzioei begira dagoela, baina guztia mugitzeko herri bat martxan behar dela azpimarratu zuten, eta badagoela zer egin.
Katalunian “sinbiosi” bat eman dela azaldu zuen Ariznabarretak; herri horren “presioagatik” politikariak eta alderdi politikoak konpromisoak hartzera behartuta egon direla, eta konpromiso horiek instituzioetara eroatea lortu dutela.
“Hiru hankako sinbiosia” eman dela zehaztu zuen: Herria, eragile politikoak eta instituzioak. Hala, hiru hankako prozesu hori martxan jartzeko lehen pausoa herriak eman behar duela nabarmendu zuen: “Hemen nahiko epel gabiz. Gora begira jarraitzen dugu, eta Euskal Herriari goitik inoiz ez zaio ezer etorri. Hemen egin dena behean egin da, bertako lanaz, gizartearen oinarrian egin da”.
Aurrera begirako “gakoa” ere hor dagoela, eta badagoela zer egin adierazi zuen.